Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

2024/audioelkarrizketak/xdz4_gra_20240311amasa-villabona_au_izarobilbao_arrizabalaga_katarain_itzaliko.mp3.mp4
Itzal(iko) bagina ikuskizuna ondu dute, Iraitz Lizarragak zuzendu eta Lanku ekoiztuta. «Gugandik asko jan dute, baina azpimarratu nahi dugu, oholtzan agertuko diren kontakizunak ez direla gureak. Finean, hori da iradoki gura genuen mezua: gure bizipenak ez dira gure, isolatu eta partikularrak, besteetan datzate». Aurrestreinaldia martxoaren 22an Bilbon.

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga bertsolariek Itzal(iko) bagina ikuskizun berria ondu dute, Iraitz Lizarragak zuzendu eta Lanku ekoiztuta. Martxoaren 22an izango da aurrestreinaldi irekia Bilbon, Loraldian. Sarrerak eskuragarri daude. Bertsoa.eus-ek hiru bertsolarien lekukotza jaso du emanaldi berriaren inguruan.

Izaro Bilbao, Araitz Katarain eta Janire Arrizabalaga, hasteko, kontaiguzue nondik datorren ikuskizun berri bat lantzeko grina eta motibazioa.
Lokatz Loreak duela bi uda sortu zen, Friki Saioak ekimena aurrera eramateko. Esperotakoa baino askoz harrera hobea izan zuen proiektuak, eta horrek bi gauza eman zizkigun: gertatutakoa asimilatzeko denbora hartu beharra eta sekulako inertzia etorkizun baterako. Izan ere, sormen talde legez izendatu genuen gure burua, asmoa ez zelako bost saio horietan uztea ibilbidea. Beraz, tartean lan txikiak betetzen joan gara eta bideak proiektu handi hontara eraman gaitu.

Beti izan dugu argi, talde bezala, sortzea kontatzearekin eta aldarriarekin estu lotuta doala. Horrek bestelako formak hartu ditu gure aurreko proiektuetan, agian oraingoa izan da esplizituki horretara gehien bideratu gaituena. Proposamena heldu zitzaigun unean «Zer daukagu guk kontatzeko? Eta zer kontatu nahi genuke?» izan ziren gure kezka nagusiak. Oso kontziente gara oholtzaren gainean ahotsa hartzeak duen esanguraz. Beraz, motibazio nagusia horixe izan da: bertsoari eta har dezakegun mundu zatitxoari zerbait eskaintzea.
Elkarrekin sortzeaz eta pentsatzeaz gozatzen jarraitzen dugun heinean eta hortarako baliabideak lor ditzakegun artean, dugunetik aleak uzten saiatuko gara.

Itzal(iko) bagina – zeharkatu gaituena performatzen… Zer da eta zer kontatzen duzue?
Garrantzia handia eman diogu gure estilo eta funtzionatzeko erari fidel mantentzeari. Beraz, bertso-tramak egiten sortu ginenez, tramaren presentzia mantendu nahi izan dugu. Istorioak
kontatzeak motibatzen gaitu, emanaldiak hiru pertsonaiaren arkoa izango du ardatz. Gugandik asko jan dute, baina azpimarratu nahi dugu, oholtzan agertuko diren kontakizunak ez direla gureak. Finean, hori da iradoki gura genuen mezua: gure bizipenak ez dira gure, isolatu eta partikularrak, besteetan datzate.

Beraz, eskolarteko bateko finalean kokatuko dira lehendabizi hiru bertsolari gazteak. Eskolartekoa izan baitzen, nahiz ia oharkabean, inoiz partekatu genuen lehen espazioa. Hortik abiatuta, helduarorako trantsizio grisean sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu. Mimoz eta arduraz tratatu nahi izan ditugun gaiek hartuko dute lekua, adar finkoenak hauek
direlarik: lotsa, lehia eta gorputza. Toki ilunetara bidaiatuko dugu, beti umorearen eskutik. Umorea arma izan daitekeela ondo dakigu.

Guri gertatu zitzaiguna erakutsi nahi genuke, bermean. Egungo jendarte indibidualistari kritika egin, elkar topatzeak pertsonaiengan duen eragina islatuz. Gure barne gatazkak nondik etor litezkeen kolektiboan hausnartzeko gonbita luzatu, ondokoa entzutearen eta elkar zaintzearen apologia egin. Hori nola egingo dugun, ikusteke.

Zein paper du Bertsoak ikuskizunean eta zein forma hartzen du emanaldian
zehar?
Antzerki formatua eman nahi geniola oso argi izan genuen hasiera batetik. Lehen aipatutako moduan, trama itxura du. Honetarako, antzerkiaren diziplinan babes zein erronka handiak
hartu ditugu. Bertsolariaren gorputz zurrunetik ihes egin eta gure buruak zaurgarri aurkezteko bidean, erabaki hau berebizikoa izan da. Bizkar atzeko eskuak eta entonazio monotonodun kantakerak ahaztu ditugu. Antzeztera gatoz, nahiz eta bertsoa izan den gure tresna gidoia gauzatzeko eta istorioa bertso-munduan kokatzen den. Beraz, bertso-gidoi bezala definitu genezake entzungo dena.

Bestetik, aurretik egindako proiektuetan bezala, ikusten denak entzuten denak bezain besteko garrantzia izango du. Koloreek eta formek esanahi handia dute eta bisualki indartsua den zerbait saiatzeko apustua egin dugu. Espero dugu nabarituko dela.

Zerk zeharkatzen zaituzte hiruok emanaldi honetan?
«Zeharkatu gaituena performatzen» azpitituluari aski buelta eman genizkion. Tramaren eta haren esanahiaren zenbait puntu barnebiltzen ditu. Lehenik, galderari erantzunez, guri bertso-munduratze prozesuan eta oro har orain artean izan ditugun bizipenetan zeharkatu gaituzten zenbait auzi (ez guztiak, noski) kontatzen ditugu emanaldian. Hala ere, argi utzi beharra dago pertsonaia hauek ez direla gu. Are, ez dira inor. Garrantzitsua da hori kontuan hartzea ikuskizunak zinez zentzua izan dezan. Gure bizipen (esajeratu) batzuk antzeztuko ditugu, baina baita gure izan gabe zeharkatu gaituztenak ere. Norberarena ez baita norbera zeharkatzen duen bakarra. Gugan izugarri eragin dute elkarren eta ingurukoen testuinguruek. Beraz, garena ikusi dugunarekin nahastu eta antzerkiko handitasuna har zedin puztu genuen. Ez da obra autobiografiko bat, ezta beste pertsona ezperifikoren baten bizitzaren ingurukoa. Mundua begirada zabalago eta komunago batetik begiratzeko saiakera da. Bestalde, performatu hitza ere oso kontzienteki idatzi genuen, identitatea performatibotzat jotzen dugulako eta honek pisua izatearen asmoz josi genuelako gidoia.

Hiruok bertsolariak zarete, zer aportatzen dizue lanketa honek zuen bertsobidean?
Talde moduan lan egiteak hasieratik eman digu bertsoari beste begirada bat emateko aukera. Helburuak eta asmoak berregituratu izan ditugu maiz, bertsoa tresna bezela ulertzera heldu eta horrekin zer egin nahiko genukeen behin eta berriz birpentsatu. Bidelaguntzat elkar edukitzea izan da prozesuaz gehien aberastu gaituena beti. Oraingoan, gainera, Iraitzengandik ikasteak are gehiago motibatu gaitu gure kutxatxo txiki hontatik haratago esploratzera. Gorputza oholtzan desberdin erakusteak errespetua ematen digu, baina gure helburuetako bat betetzeko bidean urrats bat da: bertsoari erpin eta molde berriak bilatzea.

Duela urte bete inguru hasi genuen Itzal(iko) bagina sortzearen prozesua eta tartean gure lehen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa bizi izan dugu batera, adibidez. Bertsoa bi modu oso desberdinetan gorpuzteko aukera eman digu horrek, txapelketak daukan lehia eta seriotasun horretatik haratago bertsoa (eta beste gauza asko) ulertu eta gozatzeko aukera.

Aurrestreinaldia martxoaren 22an izango da Bilbon. Zein begiradarekin nahiko zenukete joatea ikus-entzuleak?
Elkar ikusteko, entzuteko eta sentitzeko prest etor daiten eskatuko genioke publikoari. Gai delikatuak tratatzen ditugunez, giro seguru bat sortzeko saiakera egin dugu, kritikak eta hausnarketak ekar dezakeen deserosotasunari ere tokia utziz. Nahaste konplikatua da, beraz umorea erabili dugu ahalik eta ondoen uztartzeko bi izaera hauek. Laguntzaile izan dugu une oro Iraitz Lizarraga, guk baino zati gehiago dakiena antzerki munduari buruz. Bere begirada artistikoak argia eman digu zailtasunen aurrean eta plazer hutsa izan da esperientziatik edatea.

Bestalde, egiari zor, gure artean hasieratik komentatu izan dugu Friki saioak abiapuntutzat duen neska talde gaztea izanik, infantilizazioaren beldur garela. Ez dugu hau ezkutatu nahi,
sentimendu ororen espazio publikoa aldarrikatzen badugu, gure kezkak ere azaleratu nahi ditugulako. Hala ere, aurrera jarraitu dugu eta lortutako emaitzarekin gustura gaude.
Zalantzan jar gaitzaten eta gure hitzak eztabaida daitezen prest gaude, soberan baitakigu ez garela inongo egia absolutuaren jabe. Gainera, nolabait gure bizipenen zati bat kontatzera igoko garela azpimarratu nahi genuke, eta hauekiko errespetua jaso nahiko genukeela. Hori bai, erabat gure sentitzen dugu proiektua eta harro gaude bizitako prozesuaz. Beraz, ikus-entzuleei? Adi eta espero dutenari buelta erdi emanda etortzea gomendatzen diegu.

Eranstekorik?
Esan gabe doa bidea ez dugula bakarrik egin. Bidelagun izan diren kideei eskerrik handienak zor dizkiegu, pazientziagatik, babesagatik, konfidantzagatik eta zaintzagatik. Itzal(iko) Bagina gure ahotsetik sortu badugu ere, ez litzateke posible izango aurretik ezer entzun gabe. Erreferentzetzat hartu nahi genituzke ingurukoak. Nolabait, beraiei esker izan
dugu guk hau egiteko aukera.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra