Berria egunkaria 2007-07-21

Sustrai Colina: «Mimatzen nauzunean hobea naiz»

Eskuei begira, eskuekin baldarra dela dio. Ezertarako gauza. Buruarekin egiten du lan. Errima, neurri, doinu eta mezuekin. Eta horrekin disfrutatu egiten du. Sortzea erraza egiten baitzaio, «egoki sortzea izan liteke problema». Sortu eta bota, klinexera dago ohitua. Eta bertsolari ez balitz, «lehendakari igual!» dio barrez.

Ainara gorostitzu

Andoain

Gaia jarri eta bertsoa bota. Galdera eta erantzuna. Bat-batekotasunera ohitua dago, baina segundo batzuk hartzen ditu erantzuteko. Eta aurpegiarekin ere adierazten du. Bitartean adi dago, nork hartzen duen kafea eta nork deskafeinatua. Denera. Bertsolaria delako.

Zergatik bertsolaritza?

Niretzat bertsolaritza tresna bat da. Iruditzen zait pertsona bakoitzak dauzkala mezu batzuk, gauza batzuk esateko, eta nire kasuan bertsoa da gauza horiek esateko tresna bat. Izan zitekeen marrazkia, izan zitekeen musika... niri bertsoa tokatu zitzaidan, sartu nintzen, gustatu zitzaidan, eta gero eman dit eman didana.

Sortzaile zarelako zara bertsolari, ala bertsolaritzak eraman zaitu sorkuntzara?

Nik uste biak lotuta daudela, igual hasieran sortzaile zarelako zara bertsolari, baina gero bertsoan sakontzean, bertsoak ematen dizkizu sortzeko pistak eta klabeak, seguru asko musikoek beste klabe batzuetan sortzen dute. Batzuetan tresnak mezuak baino inportantzia handiagoa dauka, beste batzuetan mezuak tresnak baino. Sormena gauza orokor bat da, eta aurrera joan ahala garatzen duzu tresna batengan. Tresna batek baldintzatzen dizu sormena, eta sormenak baldintzatzen dizu tresna.

Ez duzu bertsolaritzan hautua egin hortaz: bertsolari ala bertsozale. Bertsoarekin hasi zarenetik zara bertsolari?

Eta gainera, esango dizut, ez dut neure burua bertsozale kontsideratzen. Saioak ez ditut hain gustura entzuten. Ez naiz jende asko bezain bertsozalea, bertso gaixoa, minimotan naiz bertsozalea. Zaletasuna sorkuntzaren aldetik da. Aukeran jartzen didazu BERRIAko agendan ostiral gau baterako plana eta errazago joango naiz kontzertu batera edo zinera.

24 ordutan zara bertsolari?

Baietz erantzuteak beldurra ematen dit eta ezetz erantzuteak ere bai. Nik baietz esango nuke, horrek ez du esan nahi 24 orduz horretan pentsatzen ari naizenik. Baina bizimodu bat da. Detaileetan fijatu egiten zara, nahi gabe. Begia adi daukazu. Horrez gain, norberaren esperientziak nahi gabe ere, atera egiten dira bertsotan. Harremanetan, lanean dauzkazun esperientziak... almazena betetzeko modu oso onak dira. Etengabeko zure buruarekiko lan bat da. Alde horretatik bai, bagara 24 orduz bertsolariak, baina horrek ez du esan nahi ni 24 ordutan bertsotan ari naizenik, ezta gutxiagorik ere. Eta jendearentzat beti zara bertsolari, zoritxarrez. Zuk zure intimidade momentuak nahi dituzunean ere besteentzat bertsolaria zara.

Eta oholtza gainean beti zara Sustrai?

Beti naiz Sustrai bat. Aldatzen joaten dena. Eguneroko bizitzan ere ez zara pertsona berdina, gaur izan zintezke pertsona goxoa, bihar zakarra eta etzi kabroia. Gero, badaude egunak, zure gauzak tabladuan uzteak mina ematen dizunak. Maskara denok jantzi dugu. Ez dut esango beti naizenik, baina beti nire zait bat naizela bai, ez naiz inoiz ibili beste batena egiten, ez naizenik ez dut inoiz kantatu, oso gutxitan. Kantatu izan dudanetan kristoren tripako mina eman izan dit.

Nola eragiten dizute zure poz eta tristurek kantuan?

Nik uste dut sormenean eragiten dutela, baina ez nuke esango kalitatean eragiten dutenik. Ni tabladura igotzen naizenean saiatzen naiz dena ahanzten, transformatu egiten naiz, neurri batean. Jende aurrera ateratzen zaren momentuan daukazuna daukazu, dagoena dago eta zarena zara, eta punto, ez dago aitzakiarik. Horrek saio ona egiten lagunduko dizu, nahiz eta triste egon lehen. Problema da jarrera negatibo batean bazaude oso zaila dela ezer ederra sortzea. Tabladuan zure problemak erlatibizatu egiten dituzu, ordubete horretan ahanzten eta batzuetan konpontzen laguntzen dizu.

Terapia bat da?

Ez dut esango terapia bat denik. Baina ailegatzen zara nonbaitera eguneroko bizitzan konfiantza guztia galduta, autoestima baxu, tabladura atera, saio on bat egin, jendeak txalo jo, eta jendea ikusi gustura eta zu ere gustura... ba konturatzen zara lehen hain baxu ere ez zeundela. Satisfazio hori ere ematen dizu, eta horrek ere laguntzen dizu bizitzan aurrera egiten.

Eta zugandik kanpoko gauzek?

Eragiten dute pozean, tristuran... aldartean. Problema da horrek jendeari eragiten diola. Abenduaren 30ean jaialdi batera joan eta ikusten duzu jendea ere etsita dagoela, eta bezperan txiste on bat izango zenak egun horretan ez du graziarik egiten. Baina sorpresak hartu izan ditut: joan izan naiz saio batera negarrez, etsita kotxean, eta gero saio ona egin. Eta joan izan naiz umoretsu eta gero saio eskas-eskasa egin.

Tabladuan zaudenean gaia entzun eta bertsoa botatzen duzun artean, nola funtzionatzen du zure buruak?

Ba segun. Egunak izaten dira ez zaizuna ezer etortzen, eta beste batzuetan erauntsi bat etortzen zaizu, eta biak dira txarrak. Gaia jartzen dizutenean, eragina du zeinekin tokatzen zaizun kantatzea. Igual batzuekin hitz bat edo beste egingo duzu, beste batzuekin begirada bat nahikoa da, eta beste bat zuk ezer pentsatzerako hasita dago. Ametsekin[Arzallus] baldin bada, ez daukat asko hitz egin beharrik, Unai Iturriagarekin ere badaukat seguridade hori, filina... Hasi berri batekin tokatzen bazaizu, saiatuko zara laguntzen edo konfiantza ematen. Tokatzen da, gurekin hala egiten zen. Ingurua zaindu behar da, eta saiatu pertsona izaten. Niri ez zait inporta nik oso saio ona egitea ondokoak saio txarra egiten badu. Hori badakit oso populista gelditzen dela, baina sinesten dut horretan, sinesten dut horretan. Niretzat hori gauza bitala da. Saiatzea detektatzen ondokoa nola dagoen, ondo dagoen, gaizki dagoen... niretzat hori da ideologia. Egun txarra baldin badauka ez zapaldu. Egun ona baldin badauka saiatu aurre egiten, baina jolasaren barruan beti.

Eta bertsoa botatzen ari zaren bitartean sentitzen duzu zer edo zer?

Sentitu sentitzen da kantuan ari zarenean. Ni emozionatzen naiz kantatzen ari naizen bitartean, batez ere atentatu bat, edo atxiloketa bat edo horrelako egunetan. Edo maitasun harremanei buruzko gaietan, zuk hori pertsonifikatzen baduzu zeure buruan, ailegatzen zara gauzak sentitzera, eta iruditzen zait bertsoak hobeak direla, nahiz kalitate teknikoz ez izan. Bizi izan duzuna beti hobeto deskribatuko duzu, eta deskribatuko duzu sentimenduz. Hori nola ez dakit, baina transmititu egiten da. Jendeak badaki egia dela eta emozionatu egiten da, eta zu ere bai, transmititu egiten da. Hori da jolasa. Topikoekin emozionatzen zaila da, horregatik uste dut nik jendeak gero eta gehiago norberera jotzen duela. Norbere estereotipatu batera, baina norberera.

Eta bertsoa bota eta esertzen zarenean, noiz sentitzen zara gustura?

Ni gustura sentitzen naiz jendearekiko eta nirekiko asmatu dudanean. Bi gauzak. Txapelketetan ez da pentsatu behar gustura zauden ala ez, ariketa da: joan kantatu, eseri eta ahanztu. Ondo egin baduzu gehiegi emozionatuko zarelako eta hurrengoan hanka sartuko duzulako, eta gaizki egin baduzu abaildu egingo zarelako, eta hurrengo ariketan baldintzatu egingo zaituelako horrek.

Besteen bertsoak zureak bezala entzuten-epaitzen dituzu?

Nik tabladuan nagoenean ez dut inoren bertsorik epaitzen teknikoki, bakarrik sumatzen dut noiz ari den ondo eta noiz ez. Eta ikusten duzu jendeak nola erreakzionatzen duen. Batzuetan ez da ezer ateratzen eta saioa salbatuko duen bertsoa eskatzen duzu. Horrela kontraesanetan erortzen zara, viva la vida-kaiku jartzen zara. Batzuetan jaialdia salbatzeak zeure burua saltzea esan nahi du. Ahal den gutxien egin behar da hori.

Eta publikorik gabe badago bertsorik?

Ez. Saioaren % 50 jendearen esku dago. Saio ona izan ala ez, erdia jendearen esku dago. Arrazoi sinple batengatik, ni mimatzen nauzunean hobea naiz. Egia da. Niri esaten badidazu ondo ari naizela, saiatuko naiz hobeto jarduten.

Ze egoa duzuen, ezta?

Kristorena. Kristorena. Baina hori da jendaurrekoa. Elkarrizketa bat da, komunikazio bat da. Zuk zenbat eta gehiago estutu, mimorik eta animorik eman gabe, zailagoa da. Denoi gustatzen zaigu ondo ari garela esatea, ondo ari garenean,

Eta gaizki ari zarenean?

Esan dezatela. Antzematen da gaizki ari garenean, txalotan antzematen da.

Baina txalo beti egiten da, saioa oso txarra izan arren.

Bai, baina denok dakigu txarra izan dela, denok, eta nik aurrena.

Psikologikoki gogorra izan behar du, ezta?

Niri gogorra egiten zait beti azterketan egotea. Baina ni joatean naizenean jende batengana eta ikusten dudanean ondo egiten dudana ondo hartzen didatela, ez naiz azterketa batean sentitzen. Baina erantzunik jasotzen ez duzunean, ba jartzen zara ez erotzera. Ze badakizu erortzen bazara, bizitza osoan oroitaraziko dizute.

Eta hori nola gainditzen da?

Nik asumitu beharra daukat urtean 100 saio egiten ditudala eta ehunetik 30 onak izango direla, 50 normalak eta 20 txarrak. Saiatuko naiz estatistiken kontra egiten.

Baina bertso txar bat nahikoa da ideologikoki bertsolaria epaitzeko.

Nik uste dut zuk zure kontrako zer edo zer botatzen duzunean zeuk hartzen duzula minik handiena. Horretarako niretzat sekretua da zuk benetan pentsatzen duzuna kantatzea. Baina noski, beti ezin da.

Horrek zeure buruarekin eztabaida asko sortuko ditu, ezta?

Bai, kristorenak. Baina hori edozein artetan gertatzen da. Nire bertsoak hemendik bost urtera ahaztuta egongo dira, baina eskultura bat? Letek letrak aldatu behar izan ditu bere kantuetatik, ados ez zegoelako. Eta gainera, beti gelditzen zaizu, 'aizu, ba momentu horretan horrela pentsatzen nuen'. Hala ere, badaude gai batzuk, fikzioa baldin bada ere, gaizki pasarazten dizutenak: zu guardia zibila zarela kantatu behar baduzu, bale, baina jartzen badizute gai bat: 'zuek bi bizilagun zarete, eta bat joan da presoen aldeko manifara eta zu PNVk antolatutako manifara'. Garbi dago ez garela guardia zibilak, baina bestea, batzuentzako igual bagara, edo ez. Ez da hain fiktiboa.

Zer nahiago duzu, fikziotik kantatu?

Bertsolari bati iritzi politikoa fikziotik eskatzea debekatuta egon behar litzatekeela iruditzen zait. Gai hori bezalakoak jarri izan dira, eta gainera txapelketetan. Eta ez. Niri galdetzen badidazu iritzi politikoa, emadazu askatasuna iritzi politiko hori emateko. Ez nazazu jarri ataka batean, igual banaizena eta igual ez naizena. Jarritzazu benetako egoera batean. Bila ezazu bertsolari bat PNVren manifara joateko, eta badaude, eta planteatu benetako gai bezala, baina ez fikzioan.

Sartzen zarete horrelako gaiak ez jartzeko edo jartzeko eskatzera?

Ez, ez gara sartzen, baina sartu behar genuke batzuetan.

Ze helbururekin joaten zara saioetara?

Saio ona egitera. Eta bakoitzak bere pedradak edukitzen ditu, igual obsesionatua zaude bolada batean estu errimatzearekin, edo bertso bisualak egitearekin.

Gehiago da estetikoa?

Edo mezua. Ze aspertua zaude denak ari direlako ezker abertzalearen kontra, eta zuk pentsatzen duzu esan behar duzula, 'Ni ezker abertzalekoa naiz, eta mezu hau ez dut entzuten gizartean eta eman egin nahi dut'. Hori ere izan liteke. Politikara bueltatuz, aukeratu egiten da kritiko noiz izan eta noiz ez.

Eta bertsolaritzan, baduzu asmo bat? Jende bat bandera bezala hartzen da...

Ni ez naiz ezeren bandera sentitzen, batzuetan iparraldeko, ordezkari. Nik plazetan ibili eta plazetan nor izatea nahikoa dut, eta sobra. Hori da niretzat bandera izatea, eta jende bat identifikatzen bada zurekin, oso ondo. Ez dut inoren eredu izan nahi. Orain igual interesatzen zait Hendaiako bertso eskolan aportatu nezakeena aportatzea, eta neure bertsokera garatzen segitzea.

Zenbateraino sentitzen zarete lotzen zaizkizuen estereotipoen menpe?

2001eko txapelketa eta gero, Maialen [Lujanbio] eta biok ateratzen gintuzten ia saio bukaeran ligoteo gai tonto batean. Horrek lotzan zaitu. Estereotipoak puska litezke, baina zaila da. Egia da estereotipo batzuek izorratu egiten zaituztela, eta ez tabladuan bakarrik, tabladutik kanpo ere bai, jendea etengabe ari delako zutaz hizketan. Bertsolari bezala epai nazatela nahi duten beste, baina pertsona bezala tabladutik kanpo... Niri buruz hitz egiten denak ondokoei, lagunei, etxekoei... min egiten badie, ez nago asumitzeko prest. Hori da jendaurrean ibiltzearen prezioa. Bizitza pertsonalean arazoak sortzen dizkizu, ondokoek sufritu egiten dute.

Generoak nola markatzen du sorkuntza?

Ikusten dut markatzen duela. Nik uste dut kasu batzuetan besteetan baino gehiago markatzen duela. Nik pertsonekin funtzionatzen dut. Eta garbi esango dizut: nik ez dut inoiz pentsatu gizonezko izateak eragin didan edo ez. Seguru asko maiorian zoazenean gauza askotan ez duzulako pentsatzen. Maialen Lujanbiok seguruenik ez du sekula pentsatu nola eragin dion bertso sorkuntzan Hegoaldeko izateak. Nik neuk, nire artasuna eta emetasuna asumitzeko ez daukat problemarik.

Jendeak asumitzen du zure emetasuna?

Badaude toki batzuk eme azaldu nahi duzuna, edo goxo azaldu nahi duzuna, eta ez dizutena uzten. Eta igual gizonezko bati emakumezko bati baino gutxiago uzten zaio goxo azaltzen. Duela hilabete inguru Nafarroan bertsotan libre ari ginela Amets eta biok, atera dugu hango bertsolari bat eta hark esaten dio Ametsi arreba polita daukala. Arreba ez dagoela bertan, eta Ametsekin saiatzeko esaten diot nik. Eta tipoak erantzuten du: 'Ni naiz ehun kiloko gizona, edozer izan liteke baina ez naiz marikona». Eta triunfatu egiten du. Triunfatu.Gizarte horretan bizi gara. Eta horrez gain, zergatik nik neska bati esaten badiot bertsotan gizena dagoela gaizki gelditzen naiz? Eta neskak niri esaten badit eskeleto bat ematen dudala, bera oso ondo geratuko da.

Horren kontra zuek egin beharko duzue.

Baina ni ez noa funtzionatzen ez duen zerbait kantatzera. Ez naiz suizida. Are gutxiago ondokoa hortaz aprobetxatzen ari denean. Gizarte kode batzuk badaude, batzuek puskatzen dituzu, baina oso gogorra da norberarentzat.

Sortzea zerbait gogorra bezala bizi duzu, ala disfrutatzen duzu?

Bai, disfrutatzen dut. Listua botatzea bezala da sortzea, bere problema guztiekin, baina erraz egiten dut. Egoki sortzea izan liteke problema, baina sortzea bera ez. Igual ohituak gaudelako sortu eta bota egitera. Sortu eta bota. Igual muki-zapiek trauma gehiago edukiko dituzte klinexak baino. Eta gu klinexera ohituak gaude.




SosLaIa

Izan zitekeen pilotari

Retegi Egaña baino nahiago zuen umetan. Pilota gehiago bertsoa baino. Eta denboraldi batez utzi egin zuen bertsolaritza Sustrai Colinak (Urruña, 1982). Baina ez luzaroan. Doinua ikasi, eta beste askorik jakin gabe hasi zen bertsotan, Hendaiako bertso eskolan, Amets Arzallusekin. Eskola Arteko Txapelketetan hasi eta 2001ean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalera iritsi zen, iazkoan bezala. Gustuko du lehia, gustuko jokoa, baina baita jolasa ere, eta bertsotan jolasaren arauen barruan ibiltzea. Zuzenbide ikasketak eginak ditu, baina lanbidez da bertsolaria, eta kazetaria egun Argia-n. ­ A. G.


Albiste gehiago

Jon Agirresarobe Lopetegi 'Torrotxo' - Bertsolari Bertsozale podkasta 2024-05-17

«Lagunartean bildu eta bertsotan egitea izan da bertsolaritzak eman didan gauzarik ederrena»

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»