Ekaitz Goikoetxeak irabazi ditu bi sariak 2015-09-05

Basarri Sariko sorta irabazleak

Ekaitz Goikoetxea bertsolari beasaindarrak irabazi ditu Basarri bertso-paper Sariko bi sariak. "Harriak ez du begirik" sortarekin irabazi du lehen saria, egungo gizarte arazoei buruzkoa. Bigarren saria, haurrentzako sorta batekin eskuratu du, "Ardiak zenbatzen". Basarri Sarian lehen aldia da pertsona berak bi sariak irabazten dituena. Andoni Egaña, Rufino Iraola eta Nahikari Gabilondok osatu dute epaimahaia. Sari banaketa ekitaldia bihar egingo da, Lizardi Sariaren amaieran.
Ekaitz Goikoetxea bertsolari beasaindarrak irabazi ditu Basarri bertso-paper Sariko bi sariak. "Harriak ez du begirik" sortarekin irabazi du lehen saria, egungo gizarte arazoei buruzkoa. Bigarren saria, haurrentzako sorta batekin eskuratu du, "Ardiak zenbatzen". Basarri Sarian lehen aldia da pertsona berak bi sariak irabazten dituena. Andoni Egaña, Rufino Iraola eta Nahikari Gabilondok osatu dute epaimahaia. Sari banaketa ekitaldia bihar egingo da, Lizardi Sariaren amaieran.


1º Saria
“Harriak ez du begirik”
Doinua: ETAren su-etenetik

1.-Aritzen nintzen garaian
administrari lanetan
Txin-txin hotsa zen nagusi
nire galtza barrenetan.
Orain denbora orrazten
tematzen naiz gehienetan:
Erreka erreka alda
urik ez dakarrenetan?
Igandeak zer egiten
ote du astelehenetan?
ta antzeko esaldiak
idazten ditut trenetan...
Denok ez dugu koadratzen
mundu borobil honetan.

2.-Murrizketa izeneko
trumoien eta tximisten
denboraleari zeinek
ez dio grifoa ixten?
Maiz pentsatzen dut “laguntzak
eman beharko ditizten”,
baina itxaropenari
ez zaio izarrik pizten.
BEZ-a ta zergak ez dira
soldaten neurrian jaisten,
hilabete bukaerei
luzexko diet irizten,
otsailean ere ez da
nahi ordurako iristen.

3.-Zertara datoz hainbeste
itxura eta antzezte?
Zertara “gorantza goaz
ta lasai egon zaitezte?”
Gosea egarri bada,
euria eguzki eske,
heriotza jolasean
zilbor-hestez zilbor-heste...
Lepo gehiegik egiten
du bere buruaz beste,
bizirauteko sufritu
behar denean hainbeste,
perfektuak adizkiak
bakarrik izan daitezke.

4.-Negua udazkenetik
ezin dugunez aldendu,
askoren egutegiak
ditu hamabi abendu;
zoriona biluzteko
sentimenduz sentimendu,
denbora gure nahieran
erabili ahal bagendu!
Joan denari burlaize,
datorrenari lausengu,
nahiz eta bihar-etziko
izpien miran gauden gu,
geroaren etorrera
orainak atzeratzen du.

5.-Hipotekak ainguratu
gintuen hondo-hondoan,
zorra kitatu ezinik
gabiltza urte mordoan;
bankuak ultimatum-a
eman zigunez lehengoan,
senarra, ni eta gure
seme-alabak gogoan
Stop desahucios-ekoak
izan ditugu ondoan,
hilabeteko arnasa
lortu dugu oraingoan,
baina ez dakit hurrengorik
izango den hurrengoan.

6.-Gaztetan iraultzailea
nintzen eta ze arraio!
Bidea dela borroka
idatzi nuen soraio;
krisiak iltzatutako
gurutzearen karraio,
gaur horma arraildu hari
begira egon natzaio.
Bezperan hilda ezin da
biharamunean jaio,
helmugetara heltzeko
egin arren hainbat saio,
biderik ez duenari
borroka gelditzen zaio.

7.-Erasoak erasoak ta
ofentsibak ofentsiba,
kalea da irabazi
beharreko lehen partida;
horregatik hurbildu naiz
gaur ere plaza erdira,
gorbatadunak aurrean,
kazetariak begira...
eskuak amorruari
eman nahi dio kabida,
urtetan pilatutako
mina gorpuzten ari da,
harriak ez du begirik,
begiak harritzen dira.

8.-Hegoak iparrik gabe,
hegorik gabe iparra,
iragan urrun batean
izoztu zait irrifarra.
Gero ta lausoagoa
denez ostertzeko marra,
onena oheratzea
izango dut ttirri-ttarra.
Betozkit izar-uxoak,
betorkit ilunabarra!
Loa da ameslarion
euskarri sendo bakarra:
dena argi ikusteko
begiak itxi beharra.


2º Saria

“Ardiak zenbatzen”
Doinua: Urzo xuri polit bat

1.-Hamarrak hamar gutxi,
hamarrak inguru,
ilargiak logela
erdia hartu du;
gaur panpinak albora
utziko ditugu
ta animaliekin
lo egingo dugu.

2.-Katuak baserriko
eremutik kanpo
zazpi bizitza hartu
ditu beretzako;
teilatu gainetatik
egiten du salto
berriz jaioko dela
badakielako

Urruma, txorrotxio
orro, ulu, zaunka...
gure seme txikiak
beldurrik ez dauka

3.-Nola kattagorriak
txingurriak halan,
negua goxatzeko
dabiltza lan ta lan;
bitartean astoa
lasai, tilin-talan,
telebista ikusten
zakurraren salan.

4.-Nahiz eta biek luma
xuriak desio,
esaeretan soilik
dira arerio;
beti ibil ez dadin
serio-serio,
beleak zozoari
gatza eman dio.

Urruma, txorrotxio
orro, ulu, marru...
hegan egingo duzu
bi minutu barru

5.-Bere esaera zahar
eta errefrau kutsu,
Paristik zikoina bat
dator pausuz pausu...
Moko punttan ematen
badiozu muxu,
laster anai-arreba
bat izango duzu.

6.-Tximistargia trumoi
danbaden atari,
zeruan zirri-zarra
euria badagi...
Denontzat dituenez
logela ugari,
kox-kox joko diogu
barraskilori.
Urruma, txorrotxio
irrintzi, arrantza...
tximeletak zurekin
egin nahi du dantza

7.- Gaua heltzen denean
astun eta pisu
zure sehaskarentzat
lur bat dagokizu,
itzalak margotzen ez
baldin badakizu,
lasai, ipurtargiak
lagunduko dizu.

8.-Nahiz ta bakoitzak bere
etxera abitu
eta animalien
hotsik ez aditu,
gau osoa negarrez
ez zaitez aritu
zure ametsak hontzak
zainduko baititu.

Onomatopeiarik
ez denez geratzen...
maitea, has zaitezke
ardiak zenbatzen

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra