Zutabea 2021-06-11

Bertsolaria zailtzeko bidean, libreko saioa lagun

Bertsolaria zailtzeko bidean, libreko saioa lagun

Ortzi Murua Berra

Agur bat Maddi Paris aldetik. Hemengo bizipenek bertsoarekiko ikuspegia nola aldatu didaten? Emaztea musulmana eta senarra judua diren etxe batean izan naiz berriki, Israel eta Hamas erasoan ari zirela. Egoeraz bereziki hunkitua zen familia, eta nekatua. Bizipena. Nola iritsi bertsotan, bi aldeetako biktima langileak direla eta aterabidea, bi estatuetan baino, estaturik ez izatean datzala erratera? Nola erran hori, nazio izan nahi eta ezinaren sentiberatasunak harturik, Palestinarekiko elkartasunean kokatzen den entzule euskaldunari? Ikuspegia. Zer adierazi argitzen ari naiz, baina nola adierazi? Aldaketa.

Xalbadorrek zioen ez ziotela buruan ibili ez zuen gairik eman behin ere. Bertsolari gehiago da gaur, norbere ñabardurekin. Ez dira denak Lujanbioren zorroztasunaz ariko, edo Xalbadorren zuhurtziaz. Baina jendaurrean biluzi gelditzeko beldurrez, ez ote da teknikan gotortzen bat baino gehiago? Edo mikrotik urruntzen?

Artzainaren aipuak ematen du zer pentsatua: "Buruan ibili". Bere zenbat bertso Odolaren Mintzoan? Bertso idatzien onuraz hitz egin da sarri. Baina zenbat bertso Mattinekin irriz herri, librean? Lehen itxialdian, Xerminekin pasa genituen ordu batzuek, bideodei bidez, doinu batetik bestera, hitzaspertuan. Gai bat jorratzeko, gaizki ulertuak argitzeko eta airean utzi hariei tiratzeko bidea ikusten diot libreko saioari, bertsolaria zeresanean zailtzeko. Zer erranik ez bertso afarian, entzulea afal-aitzineko eta afal-ondoko solaskidea denean.

Bertsolari anitzen artean, izanen dira lanketa urrunago eramango dutenak, zer esan eta nola esan uztartuz, arte egin arte. Badugu horien beharra. Europak, "azalez eta hitzez" zuria denak, mediterraneoan hondoratu den enegarren patera Libiaren ardurapekoa dela edo Marokok hobe duela etorkinak atxiki eta zintzo ibili entzutean, Arzallusen ahots sakona hasten zait buruan kantuan: "Etxean ginen bost anai". Edukia eta forma uztartzeko bidean, norantz zoaz orain, Amets?

Albiste gehiago

Jon Agirresarobe Lopetegi 'Torrotxo' - Bertsolari Bertsozale podkasta 2024-05-17

«Lagunartean bildu eta bertsotan egitea izan da bertsolaritzak eman didan gauzarik ederrena»

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»