Miren Artetxe Sarasola - Elkarrizketa 2022-07-05

«EHZkoek asmatu dute bertsoari bere lekua ematen»

«EHZkoek asmatu dute bertsoari bere lekua ematen»

Aspaldiko urteetan halako bertso plazarik ez zela izan esaten zuten saio ondorenean Irisarrin. Hango esperientzia barrutik bizi izan zuen bertsolari batengana jo dugu. Miren Artetxe aritu zen bertan kantuan, Beñat Gaztelumendi eta Maddi Ane Txoperenarekin batean. Aipatu du ez dela beti erraza bertso saio berean jendetza, festa giroa eta arretaren arteko konbinaketa gertatzea eta horixe lortu zuten EHZ Festibalean. Hendaiarraren ustez saio horretan ikusi zen «bertsoak balio duela publiko anitz hori guztia biltzeko eta elkarrekin gozatzeko». Patxi, Xabi eta Bastien musikarien lana ere azpimarratu du «lortzen dutelako bat-batekotasun horri ere zukua ateratzen musikatik ere».

Miren, Irisarrin izan zinen larunbatean EHZ Festibalean egin zen bertso jaialdi musikatuan. Plaza ederra, saio ona, zuek barrutik nola bizi izan zenuten?

Oso bertso saio motibagarria izan zela esango nuke nik. Bertsolariok esker on handia sentitu genuen publikoarekiko, bai.

Zure ustez, horrelako plaza batek, edo plaza ezaugarri horietan egoteak nola eragiten du bertsolariaren aldartean?
Onerako eragiten du. Nik esango nuke gutxitan gertatzen dela jendea halako festa giroan egotea, umore onez, ia modu efusiboan eta aldi berean oso adi bertsoei. Eta egun horretan biak gertatu ziren. Egia da bertsolariarentzat oso baldintza onak sortzen direla kanturako eta goia jotzea ere errazagoa izaten da.

Jaialdia EHZ Festibalean izaki, musikak lagundu al zuen publikoarekin errazago konektatzen?
Bai, musika tartean izanda nik uste publikoari konektatzen laguntzen diola, bereziki oso bertsozalea ez denari. Kasu honetan, aipatu beharra dago Patxi, Xabi eta Bastien oso musikari onak direla eta lortzen dutela bat-batekotasun horri zukua ateratzen musikatik ere. Eta nik uste hori publikoak apreziatzen duela eta publikoarekin konektatzeko beste modu bat dela.

Zure ustez, zein garrantzia du EHZ Festibala bezalako ekitaldi batean bertsoak horrelako presentzia izateak?
Munduari euskaratik begiratzen dion horrelako festibal batean bertsoak bere lekua izatea ezinbestekoa dela uste dut. Publiko oso anitza egoten da, Euskal Herriko txoko guztietatik datorren jendea da, musika gustu ezberdinak dituena eta saio horretan ikusi zen bertsoak balio duela jende hori guztia biltzeko eta euskaratik eta euskaraz elkarrekin gozatzeko. EHZkoek asmatu dute bertsoari bere lekua ematen.

Nola dator bertso uda Miren Artetxerentzat?
Batetik atsedena behar dut baina, era berean, kantatu ere egin nahi nuen udan. Oporrak eta bertso saioak tartekatuko ditut.

Eta udazkena, nola dator Txapelketa Nagusia Miren Artetxerentzat? Zure kasuan Xilabako final oso on batetik joango zara…
Egia esatera, beldur pixka bat bat ere ematen du tentsio maila hartzeak eta ardura horretara hurbiltzeak, baina, aldi berean ilusio handiko txapelketa ere bada. Xilabako finala gozamen handikoa izan zen eta hortik noa Euskal Herrikora. Nire sentsazioa da gozatzen badut eta asmatzen badut nirea egiten gustura geldituko naizela. Ilusio horrekintxe joango naiz txapelketara.  

Albiste gehiago

Jon Agirresarobe Lopetegi 'Torrotxo' - Bertsolari Bertsozale podkasta 2024-05-17

«Lagunartean bildu eta bertsotan egitea izan da bertsolaritzak eman didan gauzarik ederrena»

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»