Larunbatean, 22:30etan, Gaztetxean 2012-05-28

Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia irabazle Markina-Xemeinen

Joan den larunbatean jokatu zen XI. Plazatik Gaztetxera txapelketako hirugarren kanporaketa Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean. Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitiak egin zuten aurrera. Datorren saioa, Elgoibarren, ostiralean.
Joan den larunbatean jokatu zen XI. Plazatik Gaztetxera txapelketako hirugarren kanporaketa Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean. Markina-Xemeinen bigarren urtez egin da aurten plazatik gaztetxera, eta oraingoan ere ez zuten entzuleek hutsik egin. 100 lagun inguru batu zen gaztetxean eta giro itzela piztu zen denen artean. Markina-Xemeingo asanbladak prestatutako afari ederraren ostean, Plazatik Gaztetxerak eginiko Bertsoklipa ikusteko aukera izan zuten bertara hurbilduakoek. Bideoaren ostean, txalo artean igo ziren bertsolariak oholtza gainera.

Azken sailkapena (Markina-Xemein)
Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia        206 puntu (Bigarren fasera zuzenean sailkatuak)
Aitzol Urain eta Aitor Salegi                              191,5 puntu
Eneritz Artetxe eta Ugaitz Beristain                 184,5 puntu
Iñaki Viñaspre eta Maite Solozabal                170 puntu


Ondo hasi ziren zortziko handiko ariketan bertsolariak. Aipatzekoa Iñaki Viñasprek eta Aitzol Urainek egin zuten ariketa: harremana amaituta eduki arren, hipoteka dela eta elkarrekin bizi beharra daukaten bikotearen paperean jarri zituen gai jartzaileak. Zortziko txikian fin aritu ziren lau bikoteak, publikoaren txalo zaparradak lortuz. Aitor Salegi eta Xabat Galletebeitiaren zortziko txikiko saioak zeresana eman zuen saio osoan. Parranda ostean komunean amaitu zuten elkarrekin, eta irtetzean taberna itxita topatu zuten. Gaztetxea barrez jarri zuen bikoteak.
Kopletan ere umoretik jarraitu zuten bertsolariek. Maite Solozabal eta Xabat Galletebeitia beste bertsolariei buruzko zurrumurruak asmatzen aritu ziren. Ugaitz Beristain eta Aitzol Urain elkarren herriei buruz zer dakiten azaltzen jarri zituen gai jartzaileak. Mendarokoak eta azkoitiarrak publikoaren erantzun ederra jaso zuten.
Koplen ostean etorri ziren bakarkakoak. Ideia politak atera zituzten bertsolariek gaztetxeari buruz, emakumeek jokatuko duten euskal selekzioaren partidari buruz, manifestazioei buruz eta euskal musikari buruz.
Lau taldeek egin beharrekoa amaituta, publikoaren botuak kontatu artean, puntuka aritu ziren zortzi bertsolariak.
Buruz burukora pasatzeko epaileen txartela Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitiarentzako izan zen. Publikoaren bozka, ostera, Aitor Salegi eta Aitzol Urainek lortu zuten. Bi talde horiek jokatu zuten buruz burukoa.
Hamarreko txikiko ariketa egin zuten lehenengo. Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak aurten hamar urte betetzen dituela eta, euren leloa jarri zuten gai moduan: 'Hamar urte, maitasunez eta gorrotoz, ametsak bizitzen'. Aitorrek maitasunez bizi izan ditu hamar urteak; Xabatek, gorrotoz. Bertso politak osatu zituzten biek, ariketa polita osatuz.
Ostean, objetu bana eman zien gai-jartzaileak: Aitzoli mikrofono bat, eta Nereari, gaztetxean topatutako mikrofono txiki edo entzungailu bat.
Bertso horiekin amaitu zen saio puntuagarria, eta epaiak eskualdeko bikoteari eman zion finalerdietarako txartela: Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrari eta Xabat galletebeitia lekeitiarrari.
Zortzi bertsolariei opariak banatu zizkieten Gaztetxemon gaztetxeko maskotak. Bertsolarien esker oneko agurrekin eman zitzaion amaiera saioari.

Datorren astean, ekainaren 1ean, Elgoibarren jokatuko da azken kanporaketa. Hurrengoak dira kantatuko duten bertsolariak:
•    Mikel Olaizola eta Eneko Beretxinaga
•    Txaber Ormazabal eta Inazio Vidal
•    Julen Sololuze eta Eñaut Uruburu
•    Ion Mikel Mujika eta Aimar Goenaga

Albiste gehiago

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-03-07

Hitzetik Hortzera Xabier Rico Arabako txapel emailearekin