Gipuzkoako Bertso-Eskolen Eguna 2015-04-29

"Bertsozale Elkartearentzat helburu garrantzitsua da bertso-eskolen mugimendua elikatzea"

Saroi Jauregi, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Lehendakaria, gustura agertu da aurten Eskolartekoak eman duenarekin. 550 bat gaztetxo dabiltza Gipuzkoan bertso-eskoletan. Iaztik hasita, Eskolarteko eredu berri batekin ari dira. Gaiak prestatzen eta saioak aurkezten ere gazteak aritzen dira orain.
 Jende aldetik mugimendu oparoa da Gipuzkoako bertso-eskolena, Saroi Jauregik azaldu duenez. Zenbakitan, 550 bat gaztetxo dira, eta nesken eta mutilen parte hartzea parekoa da. Gazte horiek trebatzen, 60 irakasle ari dira gaur egun. Dena den, trebatze hori bertsogintzatik haragokoa da Saroi Jauregik azaldu duenez: "gai-jartzen eta bertsolaritzaren ekosistema osoa elikatzeko jendea hortik etorriko da. Beraz, Bertsozale Elkartearentzat helburu garrantzitsua da hori elikatzea".

 Eskolarteko eredu berri bat

 Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa Ikastolen Elkarteak antolatu izan du urte luzetan. Azken urteetan Bertsozale Elkartea ere izan du laguntzaile. Dena den, iaztik aurrera harreman hori estutu egin dela azaldu du Saroi Jauregik: "Iaztik beste era batera antolatzen hasi gara: partehartze handiagoa dauka Bertsozale Elkarteak antolakuntzan eta formatua pixka bat aldatu egin da. Lehia kutsua kendu egin nahi izan zaio. Orain lehia mugatu dugu 15 urtetik gorakoengana eta txikiagoei plaza bat jartzen zaie, kantatzeko aukera ematen zaie saio didaktikoen bidez, baina lehia kenduta. Eta zaharrenen kasuan ere, kanporaketak afari giroan, giro goxoan izaten dira". Finala igandean egin zuten, Irungo Amaia antzokian, Gipuzkoako Bertso-Eskolen Egunaren baitan.

 Aurtengoa zer moduz joan den galdetuta, pozik azaldu da Saroi Jauregi. Lau kanporaketa izan dira denera, eta denetan "jende aldetik erantzun ona" izan dute. Finala ere erronka bat izan da: "Aretoa handia zen eta jende asko etorri da; goizean goizetik autobusetan etorri dira autobusetan bertso-eskoletatik, Bertso-Eskolen Eguna ere ospatzeko aprobetxatzen dugulako egun hau, eta nik uste balorazio positiboa egiteko moduan garela".

 Gazteak gai-jartzaile

 Formatuaz gain, aldaketa gehiago ere izan dira Gipuzkoan Eskolartekoaren bueltan. "Iaz arte bertsotara bakarrik mugatzen ziren parte hartzen zuten gaztetxoak. Iaz ikusi zen jendea interesatuta zegoela beste era batera parte hartzeko, eta gai-jartzen aritzeko aukera eman zitzaien. Gipuzkoako gai-jartzaile taldeak gidatuta gaiak jartzen trebatu ziren iaz eta aurten are gehiago murgildu dira lan horretan, eta gaiak jartzen eta afari giroan egin diren saio horiek aurkezten ere parte hartu dute".

Albiste gehiago

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»