Arrasaten sinatu dute gaur, entitatearen egoitza nagusian 2015-05-27

Bertsozale Elkartea eta LABORAL Kutxaren arteko hitzarmena

Euskal Herriko Bertsozal Elkarteak eta LABORAL Kutxak lau urterako elkarlan hitzarmena sinatu dute bertsolaritza bultzatzeko. LABORAL Kutxak Bertsozale Elkartearen proiektu orokorra garatzen lagunduko du.
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta LABORAL Kutxak lau urterako elkarlan hitzarmena sinatu dute bertsolaritza bultzatzeko. Akordio honi esker, LABORAL Kutxak Bertsozale Elkartearen proiektu orokorra garatzen lagunduko du. Gaur siñatu dute hitzarmena Arrasaten, Laboral Kutxaren Egoitza Nagusian, Iñaki Murua Jauregik eta Xabier Egibar Gainzak, bi entitateetako buruek.

Bertsozale Elkartearen proiektu kulturalak bertsolaritzaren zaintza eta etorkizuna bermatzeaz gain, gizartearentzat onuragarriak diren hainbat alorretan eragiten du: pertsonen garapenean, euskararen normalizazioan eta bertako ondarearen zaintzan, besteak beste.

LABORAL Kutxak gizartearekin dituen konpromisoen artean, kultura eta euskararen zaintza eta sustapena ditu helburu nagusi.

Helburuetan bat eginda, bi erakundeek lau urterako elkarlana hitzartu dute.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen proiektua
Bertsolaritza zaindu, sustatu, ikertu eta bere etorkizuna ziurtatzeko helburuarekin sortutako irabazi asmorik gabeko Kultur Elkartea da Euskal Herriko Bertsozale Elkartea. Helburuok erdiesteko sei elkarte ari dira lanean proiektu bateratuan (Arabako Bertsozale Elkartea, Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Gipuzkoako Bertsozale Elkartea, Nafarroako Bertsozale Elkartea, Bertsularien Lagunak Elkartea eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartea) 2.365 bazkideren babesarekin.

Hiru eremu nagusitan egiten du lan Elkarteak: transmisioan, sustapenean eta ikerkuntzan
Belaunaldien transmisioa eragiteko hainbat proiektu ditu esku artean: hezkuntza arautuan, urtero, 20.000tik gora gaztetxori bertsolaritza irakasten zaie klase orduetan. Aisialdiko eskaintza gisa bertso-udalekuak, barnetegiak eta abar antolatzen dira. Baita eskolarteko txapelketak eta bertso-eskolen egunak ere Horrez gain, bertsolaritza irakasteko argitalpenak sortzeaz arduratzen da eta bertso-eskolei dituzten beharrizanak errazteaz (formazio ikastaroak, material didaktikoa…).

Bertsolaritzaren sustapenean eragiteko Hitzetik Hortzera telebista saioa, Bertsoa sareko plaza digitala, txapelketak, eta hainbat sariketa antolatzen ditu Elkarteak.

Bertsolaritzaren ikerketa Mintzola Fundazioaren bitartez garatzen du Bertsozale Elkarteak. Hainbat ikerlari gerturatzen dira Bertsozale Elkartearen Xenpelar Dokumentazio Zentro dinamikora bertsolaritzari buruzko ondarearen berri jasotzera eta ikuspegi ezberdinetatik egin nahi diren ikerketetarako oinarrizko informazioa eskuratzera. Ikerlariei ondarea eskuragarri jartzeaz gain aholkularitza eskaintzen zaie. Ikerketa lan horien emaitzak zabaltzeko ikastaroak, jardunaldiak eta argitalpenak ekoiztea da Mintzola Fundazioaren egitekoa. Unibertsitateekin elkarlanean burutzen dira ikerketa lanak. Euskararen lurraldean ez ezik, mundu mailan ahozko inprobisazio kantatuari dagokionez dauden beste adierazpideekin antolatutako jardunaldietan parte hartzen da, zubiak eraikiz. Ez kanpokoekin bakarrik, euskararen lurraldean bertan gertatzen diren beste ahozko kultur adierazpideekin elkarlana bultzatzea da Mintzola Fundazioaren beste egiteko bat.

Bertsozale Elkarteak nabarmendu duenez, aipatutako egitasmoa etengabe eragiten jarraitu ahal izateko lankidetzak ezinbestekoak dira Bertsozale Elkartearentzat. Elkarlanean oinarrituz egin du 27 urteko ibilbidea. Zentzu horretan, LABORAL Kutxarekin adostutako elkarlanak bultzada handia eskainiko dio bertsolaritzari eta euskarari.

LABORAL Kutxa, kultura eta euskararen zaintza
LABORAL Kutxak sortu zenekoa da euskal kulturaren eta euskararen garapenaren aldeko lana eta konpromisoa, entitatearen Estatutu Sozialetan ere jasotzen den moduan, Beraz,  entitateak nabarmendu duenez, bere Nortasun Agirian dauka euskararekiko apustua atxikia.

Era berean, LABORAL Kutxak azpimarratu du izateko modu horri erantzunez, hamaika proiektu, egitasmo eta ekimen bideratzen lagundu ohi dituela Euskal Herrian barrena, hainbat eta hainbat talde eragile, elkarte, entitate eta erakunderekin batera jardunez. Elkarlanaren, kooperatibismoaren haritik, mota bateko edo besteko laguntza eskainiz (materiala utziz, aholkularitza emanez, diruz babestuz, langileak jarriz…), makina bat amets egin bihurtu ditu LABORAL Kutxak euskalgintzan diharduen unibertso zabalean.

Eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartea aipatuta, gogora ekarri beharra dago lehenago ere, duela 10 urte inguru, “Luberri” izeneko ekimena bideratu zutela elkarrekin elkarteak berak eta LABORAL Kutxak. Horrela, garai bateko bertsozaletasuna galdua zegoen herrietan bertsotarako zaletasuna berreskuratzen jardun zuten, bertsolari gazteak eta aski ezagunak zirenak hainbat bertso-saio partekatuz. Orduan, herrietako jendea arduratu zen ekitaldia antolatzeaz, eta Bertsozale Elkarteak behar ziren koordinazio-lanak egin zituen, herrigintzaren sustraietara joz.

Eta 10 urteren bueltan berriz ere Bertsozale Elkartearekin elkarlanean aritzeak, poztasun handia dakarkie LABORAL Kutxa osatzen duten guztiei, entitatearen esanetan, euskararen normalizazioan eta bertako ondarearen zaintzan aurrerapauso esanguratsua den neurrian.

Albiste gehiago

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-03-07

Hitzetik Hortzera Xabier Rico Arabako txapel emailearekin