Jone Uriari elkarrizketa 2015-05-28

"Etxetik sortu zitzaidan bertsozaletasuna"

Gurasoek zaletu zuten Jone Uria, aitak bereziki. Behin bertsotan hasita, inguruan bertso-lagunak izatearen garrantzia azpimarratzen du.
 Gaztetxotatik da bertsozalea Jone Uria. "Etxetik sortu zitzaidan. Aita batez ere oso bertsozalea zen. Euskaldunberriak dira gurasoak eta aita bertsozaletu zen, finaletara joaten zen... Behin Algortako jaietako saio batean azaltzen hasi zitzaidan bakoitzak zer esaten zuen. Hor gustatu zitzaidan, nola erantzuten zioten elkarri...".

 Gustatu eta bertso-eskolan hasi zen, eta hortik eman zuen Eskolartekoetarako jauzia ere: "Ez nintzen ni bakarrik izan: Arrate (Illaro), Itxaso (Paia) ere bazebiltzan, ez nuen hain bakarrik bizi izan. Lagun kuadrila bat hor edukitzeak beti laguntzen du, nahiz eta Udalekuetan-eta beti egin lagunak. Hain ondo ez zabiltzanetan bertsozale izaten jarraitzeko gune bat izaten da". Asteartero bertso-eskolara joan eta lantzen jarraitzeko ere lagungarria izan zaiolakoan dago.

 "Jendea harritzen da oraindik erdal-guneetako jendeak bertsotan egiten duenean"

 Algortan bertso-eskolak zeregin nabarmena daukalakoan dago Jone Uria: " Algortan euskal-gune handiena seguru asko bertsoak mugituko du orain. Bertso-saio asko antolatzen ditugu bai Algortan eta baita inguruko herrietan ere. Jende finko bat mugitzen dugu eta euskal giroa sortzen laguntzen du. Aurretik paiatarrek ere egin zuten bide bat, baina jendea harritzen da oraindik erdal-guneetako jendeak bertsotan egiten duenean".

 Euskalkiarekin ere izan ditu buruhausteak: "Nik gurasoak euskaldunberriak ditut, etxetik euskara batua jaso dut... Gaztetxoagoak ginen garaian adarra jotzen ziguten euskalkiaren kontuarengatik. Bolada batean ematen zuen bizkaierak prestigio bat zeukala eta guk hor galdu egiten genuen. Baina heltzen da momentu bat ez diozuna hainbesteko garrantziarik ematen".

 Bertsotan ari denean, kontutan izaten du erabiltzen duen euskara ere: "Hitz egiten duzun euskaratik hurbil egoten da kantatzen duzuna. Gu ohituta gaude euskaraz ari garenean erderazko hitz asko sartzeko, eta bertsotan hori mugatu egin behar da".

 Mugarria: 2009ko Txapelketa Nagusiko lehenengo saioan

 Jauzia noiz eman zuen galdetuta, Jone Uriak argi dauka: " Nik uste dut 2009ko Euskal Herriko Zestoako lehenengo saioa izan zela mugarria. Ordura arte Bizkaiko Txapelketan kantatua nintzen, finalerdietara iritsi nintzen, baina beste munduko sorpresarik eman gabe. Zestoan nire burua laugarren-bosgarren ikusten nuen eta, bat-batean, nik irabazi nuen saio hori. Eta irabazteaz gain, nik uste jendea geratu zela nire bertsokerarekin edo nire atrebentziarekin edo ez dakit zerekin, eta hortik aurrera beste plaza mota batean sartu nintzen".

 Oso oroitzapen ona dauka txapelketa hartatik: " Gogoratzen dut kontziente nintzela gozatu egin behar nuela. Nireak ez ziren saioetara oso lasai joaten nintzen, inolako presiorik gabe... Hortik aurrerako txapelketetara bestelako presio batekin joan behar izaten duzu". Hala, txapelketetan presioa handitzen joaten dela iruditzen zaio: " Behin Euskal Herrikoan finalerdietara iritsita jendeak esaten du Bizkaikoan finalera sartu behar duzula... Ematen du beti joan behar dugula hobetzen baina batzuetan eustea nahikoa da".
 
 Behin txapelketa pasata, bestelako saio batzuetarako ateak zabaldu zitzaizkiola dio: " Nik neukan sentsazioa zen saioko gaztea nintzela, eliteko bosten artean. Hor ezin duzu nabarmen geratu. Ordura arte adin-buelta bereko jendearekin ibiltzen nintzen, nire inguruko jendearekin, eta presioa ez zen hainbeste nabaritzen".

 Azkeneko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan sentsazio bereziekin geratu zen.  Aurreko Bizkaikoetan finalerdietan estuago aritu izan da finaletan baino. "Azkeneko Bizkaikoan kontrakoa pasa zitzaidan: finalerditik oso gustura atera nintzen, gainera baneukan beldurra nebarekin kantatzen nuelako, baina finalean, agian, gehiago nahi eta ez nuen bereziki egun ona eduki. Hor badaukat arantza apur bat".

 "Jendea erraz hurbiltzen da bertsora"

 Bere bertsokerari buruz galdetuta, ez daki hain markatua ote den: "Ez dakit zigilu propioa den baina jendeak badaki nigandik zer espero edo badaukat fama bat ofiziotan erantzutekoa. Baina zigilu propioa dudanik ez nuke esango. Bakarka aritzea ere gustatzen zait baina ofiziotan bereziki erraz egiten dut edo asko gustatzen zait erantzutera joatea. Gaia entzun eta askotan ez dut zer esan jakiten baina ondokoa entzun eta ateratzen zait zer bota. Askotan beste buelta bat eman edo zuzenean saiatzen naiz horri kontra egiten edo beste argumentu bat bilatzen. Gustatzen zait. Asko gustatzen zait esaldiei buelta eman edo ziria sartzeko modu hori".

 Behin baino gehiagotan entzun izan du gaur egun bertsolariek gutxiago erantzuten ote duten. Txapelketan gerta daitekeela dio: " Agian badago joera bat bakoitzak bere argumentuak pentsatu eta hori botatzeko eta, askotan, ofizio bat beharrean bi bakarkako entzuten dira... Ez dakit horrela den. Batzuek badaukate joera, beste batzuek ez... Baina nik uste dut erantzuten lan handia egiten dugula".

 Teknikoki ere saiatzen da bere burua estutzen: "Beti esaten didate teknikoki bertsoak ondo botatzen dituenetako bat naizela. Segurtasun hori badaukat nire buruan. Egia da errima beti landu izan dudala, baina agian nahiko nukeena baino gutxiago. Momentuan ere etortzen zait normalean errima eta ahalik eta gehien errimatzeko zalea naiz".

 Kantatzen eta entzuten, bietan gozatzen omen du: "Esaten dute badirela bertsozaleak saioak entzuten bereziki gozatzen ez dutenak eta kantatzen bai. Niri biak gustatzen zaizkit. Askotan hainbeste asteburuetan saioak izanda aukera galtzen da saioak entzuteko baina aukera daukadanean joaten naiz".

 Bertsolaritzaren egoerari begiratuta, oso baikorra da Jone Uria: "Kantitatez jende asko dago eta plaza pila bat daude astebururo, eskaintza oso handia da... Oso osasuntsu ikusten dut bertsolaritza. Algortan ere jende asko daukagu. Jendea erraz hurbiltzen da bertsora".

 "Bertsokera aldatzen da ingurua aldatzen den neurrian"

 Uda ate-joka den honetan, hasi omen zaio agenda betetzen: "Jaien bueltako saioak izaten dira udakoak. Desberdina da neguan areto batean kantatu edo udan plaza batean, agian eguerdiko saio gehiago izaten dira... Agian jendea ez da hain adi egoten, zarata ere handiagoa izaten delako, baina niri asko gustatzen zaizkidan saioak dira, giro polita sortzen delako herrietan".

 Bertsokerari dagokionez, aldaketaren bat izaten delakoan dago: "Ni saiatzen naiz neguan bezala kantatzen baina konzentratzeko beste modu bat da, zarata handiagoa dago, inguruan gauza gehiago gertatzen dira, gaiak ere desberdinak izaten dira... Bertsokera aldatzen da ingurua aldatzen den neurrian".

 Krisi hotsak bazterretan entzun arren, saioetan ez omen du beherakadarik nabaritu: "Saioak antolatzen diren lekuetan, diru gutxiago jaso arren, saiatzen dira moldatzen kopuru horrekin berdin-berdin saioak antolatzeko eta bertsolariok ere ulertu izan dugu hori".

Albiste gehiago

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-03-07

Hitzetik Hortzera Xabier Rico Arabako txapel emailearekin