Orion ekainaren 27an, 11:00etan frontoian 2015-06-09

Eskolarteko finalean kantatuko duten bertsolariak erabakita

Eskolartekoak 15-18 urte bitarteko 112 bertsolarik hartu dute parte eta horietatik bederatzi izango dira Euskal Herriko finalean: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko bina eta Nafarroako ordezkari bat. Finala Orion jokatuko da ekainaren 27an (larunbata), goizeko 11:00etan hasita.
Asteburu honetan jokatu dira herrialdeetako azken Eskolarteko finalak eta jada erabakita dago Orion nortzuk izango diren bertsotan. Nafarroakoek apirilaren 24an egin zuten euren egun handia, handik gutxira gipuzkoarrek eta maiatzaren amaieran arabarrek. Azkenik, iragan asteburuan egin ziren Bizkaiko eta Xiberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko azken saioak, Igorren eta Hazparnen. Aurten, guztira, 15-18 urteko 112 gaztetxo aritu dira, eta horietako 9 izango dira Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean:  Bederatzi bertsolari izango dira oholtzan: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko bina eta Nafarroako ordezkari bat.

    •    Arabatik, Peru Abarrategi Sarrionaindia (1997, Aramaio) eta Peru Amorrortu Barrenetxea (2000, Gasteiz).
    •    Bizkaitik, Txaber Altube Sarrionandia (1998, Abadiño) eta Lurdes Ondaro Mallea (1997, Munitibar).
    •    Gipuzkoatik, Iñigo Ibañez Aramendi (1997, Azpeitia) eta Paul Iruretagoiena Rezola (1998, Ataun).
    •    Lapurditik, Aitor Servier Etxexuri (1997, Azkaine) eta Nahia Sasco Etxeberri (1998, Lekuine).
    •    Nafarroako ordezkaria Manex Mailharin Ortigosa izango da (1997, Berriozar), herrialdeko txapeldunari (Joanes Ilarregi Martzol) eta txapeldunordeari (Maddalen Lopez Tapia) ezin etorria suertatu zaienez.
    •    Aurtengo edizioan ez da Xiberoako eta Baxenabarreko ordezkaririk izango.

Lujanbio aurkezle eta Colinak txapela

Saioa Maialen Lujanbio Zugastik aurkeztuko du eta bukaeran, Sustrai Colina Akordarrementeriak jantziko dio txapela nagusitzen denari. Sari nagusia Gabonetako oporraldietan egingo den Negulekua izango da; Euskal Herriko finalista guztiek egonaldia dohainik izango dute.
Eskolarteko Txapelketaren helburuak, sorreratik, gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea eta adin horretako haur eta gaztetxoak entzulearen aulkitik zaletzea izan da. Bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea izan zen ekimen honen sorrerako sena.

Egun osorako egitaraua
11:00etan abiatuko da Eskolartekoaren finala frontoian, baina festak gerora ere izango du jarraipena. 14:00etan bazkaria eskainiko da plazan; 150 lagunentzat prestatuko da tokia eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin elkarlanean, produktu ekologikoak izango dira oinarri. Herri bazkaritarako txartelak aurrez hartu behar dira, www.bertsosarrerak.eus atarian, ekainaren 15a baino lehen.

Bazkalondoan ere bertsoak eta musika
Bazkalostean, Maialen Lujanbio Zugasti eta Sustrai Colina Akordarrementeria plazako oholtzan arituko dira librean. Ondoren, Keshala eta Bi Bala musika taldeek joko dute.

Oriora hurbiltzeko autobusak jarriko dira herrialdeetatik; autobusean etorri nahi dutenak jar daitezela harremanetan euren herrialdeko Bertsozale Elkartearekin.

Eskolartekoa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute elkarlanean, bertso-eskolen laguntzari esker.

Euskal Herriko finala antolatu ahal izateko beren laguntza eskaini duten erakundeak hauexek izan dira:  Orioko Udala, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK), Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Saila.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra