Ahoa Bete Hots jardunaldiak 2015-07-02

Emozioak eta umorea marrazten

Atzo abiatu ziren aurtengo Ahoa Bete Hots jardunaldiak. Amaia Vazquez, Itziar Zubizarreta eta Asisko Urmeneta izan ziren hizlari lehenengo egunean. Eguna bukatzeko, bertso-marrazki saioa egin zuten Asisko Urmenetak eta Unai Iturriaga eta Nerea Ibarzabal bertsolariek.
 Atzo abiatu ziren seigarrenez Ahoa Bete Hots jardunaldiak. 20 bat lagun bertaratu ziren hitzaldiak jarraitzera. Goizean hasi eta eguerdira bitartean, hiru hitzaldi eta performance bat izan ziren atzokoan:

 Amaia Vazquez: "Emozioen kontrola jendaurrean"

 Emozioak eta kontrola. Elkarrengandik aldendu beharreko bi hitz dira Amaia Vazquez psikologoaren esanetan. Emozioak kontrolatu baino "kudeatu" egin behar direla azaldu zuen atzoko hitzaldian. Gaur egun adimen emozionala aipatzea modan baldin badago ere, kudeaketa horretarako nola hezi ez dakigula esan zuen. Eta garrantzia eman zion emozioen kudeaketari, emozio guztiak beharrezko ditugula azpimarratu baitzuen: gizakiak plazera eta poza ipar hartu arren, beldurra, tristura eta amorrua ere ezagutu egin behar dituelako. "Emozioak ez dira ahuleziaren sintoma, egoerari atxikita doaz".

 Horretarako, emozioen "lagun" egin beharra azpimarratu zuen: emozioak identifikatu eta onartu egin behar dira, ondoren adierazteko. Oholtza gaineko jardunetan ere garrantzitsu deritzo emozioen kudeaketari: "bertsolari askok esan didate burutik kantatzen dutela, baina entzuleak gorputzarekin sentitzen ditu". Eta sentitzea, hori da gakoa Amaia Vazquezentzat: "sentitzen dut, beraz banaiz".

 Itziar Zubizarreta: "Ipuingintzaren emozioak"

 Ipuin batetik abiatuta osatu zuen hitzaldia Itziar Zubizarreta "Bularretik Mintzora" proiektuaren arduradunak: "amak hil nau, aitak jan nau, nire arrebak hezur hutsetik piztu nau". Ipuin hau oinarri hartuta, ipuin "miresgarriak" gaur egun nola lantzen diren aztertu zuen: Txanogorritxorena, Mari Errauskiñerena... Hezkuntza arauturako egokitu nahian, ipuinek jatorrian zituzten emozioak transmititzeko gaitasuna galdu dutelakoan dago. "Ipuin miresgarriek bere baitan biltzen dituzte azaldu ezin ditugun gatazkak eta zalantzak modu sinboliko batean: gizakia eta gizartearen garapena sinbolizatzen dituzte. Gizartearen memoria moduko bat dira, antzinako erritoak baitituzte oinarri".

 Hala, ipuinek kontatzen dituzten iniziazio kontakizunei arreta jarri zien eta Euskal Herriko zenbait ipuin tradizional ere aztertu zituen, beste kultura batzuetako mitologien eragina ere ikusarazteko. "Gure ipuingintzan mitologia eta eguneroko bizitza oso lotuta daude. Ipuinak emozioen transmisioa egiten duen neurrian zuzenean doa haurraren bihotzera". Baina horretarako, jatorria errespetatzeaz gain, beste gako bat ere azaldu zuen: ahozkotasuna.

 Asisko Urmeneta: "Euskal Irria"

 Zirikatzaile hurbildu zen Asisko Urmeneta marrazkilaria Villabonako Subijana Etxera. Olaia Aldaz eta Uxoa Anduagak azkeneko "Haria" aldizkariaren azkeneko alean egindako bi artikulu hartu zituen oinarritzat. Hala, euskaldunok gure buruaren autodefinizioa egiteko kanpotik jasotako eraginek duten pisua nabarmendu zuen: "8 apellidos vascos"... Eta, aldi berean, euskaldunok "auzoaren" edo espainiar eta frantziarren definizioa egin ezina.

 Umorea menderakuntza prozesuaren arma handi bat delakoan dago Asisko Urmeneta: "espainiarrei barregarri zaie gazteleraz gaizki mintzo den euskalduna, euskaraz mintzatzen hasten den arte". Hala, botereak bere aldeko umorea sustatu eta bere aldekoa ez dena zentsuratu egiten duela azaldu zuen. Dena den, umorearen ikuspegi subertsibo edo iraultzaile bat ere badagoelakoan dago.

 Jardunaldien lehenengo eguna bertso-marrazki saio berezi batekin amaitu zen Asisko Urmenetaren marrazkiak gidari hartuta. Unai Iturriaga eta Nerea Ibarzabal aritu ziren bertsotan, eta, une batzuetan, marraztera ere ausartu ziren. Bertsoaldirik onenak datorren astelehenean ikusgai izango dira Bertsoan. 

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra