Ahoa Bete Hots jardunaldiak 2015-07-03

Emozioak bertsotan eta antzerkian

Bigarren egunean Jone Miren Hernandez, Oxan Altuna, Lorea Arburua, Imanol Epelde eta Ander Lipus aritu ziren hizlari.
 Ahoa Bete Hots jardunaldietako bigarren saioa izan zen atzo Villabonako Subijana etxean. Ordubeteko hitzaldi bat, hogei minutuko hiru hitzaldi eta bi orduko tailer bat izan ziren atzokoan.

Jone Miren Hernandez: "Bertsolaritza praktika emozional gisa"

Arrazoia eta emozioak. Sarritan erabat bereizitako bi atal balira bezala azaldu ohi dira. Jone Miren Hernandez antropologoak, ordea, haustura hori zalantzan jartzeko zantzuak ikusten dizkio bertsolaritzari. 2009an hasi zen bertsolaritza aztertzen. Garai hartako haserre batek erakutsi zion emoziotik irakurri zitekeela bertsolaritza, eta hortik tiraka Berrian 2013ko Bertsolari Txapelketaren harira bertsolaritza praktika emozional gisa ulertzeko proposamena luzatu zuen. Bertsolaritzaren inguruan gaur arte egindako teorietan emozioak gutxi landu direlakoan dago. Emozioak kulturak eraikitzen dituela azaldu zuen atzoko hitzaldian, eta bertsolaritza euskaldunon kultura afektiboari estuki loturik dagoelakoan dago, hizkuntzari konektatuta baitago. Hala, emozioen barne dimentsioa eta dimentsio publikoa aztertzeko balio dezake.

Umorea eta bertsolari txapelketak

 Bertsolari txapelketen inguruan sarritan esan izan da umoreak presentzia urria duela. Uste horren kontrako hiru adibide aurkeztu zituzten atzoko saioan: Oxan Altunak Hernaniko tabernetako txapelketa aurkeztu zuen, Imanol Epeldek Zarauzko Putzuzuloko Kopla Txapelketa eta Lorea Arburuak Nafarroako Bardoak txapelketa. Nork bere talaiatik baina bertsoaren alde ludikoari eman zion garrantzia, eta bestelako txapelketetan agertzen ez diren bertsolari eta tonuak agertzeko aukera ere ematen dutela azaldu zuten.

 Ander Lipus: "Nola landu emozioak antzerkian"

 Sentitzen al du aktoreak emoziorik? Ander Lipus aktoreak azaldu zuenez, aktorearen helburua ez da berak sentitzea, publikoari eragitea baizik. Emozioak hor daude, aktoreak ezin ditu kontrolatu, baina bideratu bai. Komunitateak, kodeak eta kulturak eragiten dio aktoreari, eta publikoarekin daukan komunitate horretan bideratzen dira emozioak. Horregatik du garrantzia hasterako publikoa jasotzeko prest eta emozio positiboekin egotea. Eta hori frogatzeko, ariketak egin zituen hitzaldietara bertaratutakoekin.

Albiste gehiago

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-03-07

Hitzetik Hortzera Xabier Rico Arabako txapel emailearekin