Bertsoa Unibertsitatean 2015-07-08

Kantagintzaren transmisioa

"Bertsolaritza eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan" ikastaroaren azkeneko egunean hizlari aritu ziren Jaione Eskudero, Itziar Irigoien eta Marie Hirigoien. Arratsaldean saio berezia egin zuten Uxue Alberdik eta Igor Elortzak, Ainhoa Ansak kantatutako kantuak oinarri hartuta.
 Aurrera doa "Bertsoa Unibertsitatean" zikloa Donostiako Miramar Jauregian. Atzo bukatu zen lehenengo ikastaroa: "Bertsolaritza eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan". Atzokoan kantagintzaren transmisioa izan zen gai nagusia, eta Jaione Eskudero, Itziar Irigoien eta Marie Hirigoien aritu ziren hizlari lanetan.

 Jaione Eskudero: "Musika eta kantua txikienetik nagusienetara"

 Jaione Eskudero, musika eta hezkuntza arautuko irakaslea eta abesbatza zuzendaria izan zen lehenengoa. Imanol Urbietaren eskutik iritsi zen irakaskuntzara, eta urteak daramatza Usurbilgo Udarregi ikastolan irakasle lanetan. Adinez adin, pertsona batek musikarekin nolako harremana izan dezakeen azaldu zuen, eta musikaren bidez hizkuntza, fonetika edota gorputzaren mugimendua nola landu daitezkeen.

 Itziar Irigoien: "Kanta Kontuetan"

 Itziar Irigoien musikaria eta hezkuntza arautuko irakasleak ere bide berari heldu zion. Irakasle lanetan aritzen da, eta hezkuntza arautuan kantagintzak duen presentzia handitu beharra dagoela aldarrikatu zuen. Gizakiak badu gorputza, baditu emozioak, baditu genero eta kultur identitateak... Eta horiek guztietan eragin daiteke kantuaren bidez.

 Marie Hirigoien: "Ekialdeko euskal kantaera. Transmisioaren erronka"

 Goizeko azken hizlaria Marie Hirigoien kantaria eta irakaslea izan zen. Ekialdeko euskal kantaera aztertu du urteotan, artxiboz artxibo ibili da kantaera horren testigantzen bila, eta euskal kantagintzaren berezitasunak aldarrikatu zituen. Azaldu zuenez, mendebaldean notarte berdineko tenperamentua nagusitu da: notatik notara dagoen distantzia berdina da, nahiz eta matematikatik gehiago duen horrek akustikatik baino. Aztertu dituen artxiboetan, ordea, euskal kantagintzan notarte desberdineko tenperamentuaren presentzia nabarmena da. Eta hortik luzatu zuen galdera: zer transmititu behar da, norma edo gure berezitasuna?

 7 euskal kantu esanguratsu

 Arratsaldean, berriz, saio berezia egin zuten Miramar Jauregiko lorategian. Ainhoa Ansak aukeratutako zazpi euskal kanturi buruz kantuan aritu ziren Uxue Alberdi eta Igor Elortza.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra