Basarri Bertso-paper lehiaketan irabazle 2015-09-09

Ekaitz Goikoetxea: "Ikasi dut isiluneak sortzaileak direla"

Ekaitz Goikoetxea: "Ikasi dut isiluneak sortzaileak direla"
Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak irabazi ditu aurtengo Basarri bertso-paper lehiaketako lehen eta bigarren sariak "Harriak ez du begirik" eta "Ardiak zenbatzen" lanekin. Berarekin hitz egin dugu bertso horien sortze-prozesuari buruz eta bertso-munduarekin duen harremanari buruz.
Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak irabazi ditu aurtengo Basarri bertso-paper lehiaketako lehen eta bigarren sariak "Harriak ez du begirik" eta "Ardiak zenbatzen" lanekin. Berarekin hitz egin dugu bertso horien sortze-prozesuari buruz eta bertso-munduarekin duen harremanari buruz.

Betidanik idatzi izan al dituzu bertso-sortak?
Hamahiru urte neramatzan bertsorik jarri gabe, orain hurrena idatzitakoak 2002an Basarri Sarian bertan lehen saria irabazi zuten "Nunca Máis" bertso-sortakoak izango ziren.

Hogeita bi-hogeita hiru urte arte bertso-sorta ugari paratua naiz, eta esango nuke, nolabaiteko asealdia izan eta esateko berririk gabe geratu nintzela. Ikaragarri kostatzen zitzaidan, gaia zeinahi zela ere, esatekoa zortzi bertsotan behar bezain egoki garatzea. Horregatik erabaki nuen nire baitako hitz eta ideiak modu betegarrian papereratzeko gai ez nintzen bitartean isildu eta idazteari uztea. Eta hamahiru urteren buruan, ez dakit ni naizen bertsoen bila joan naizena edo bertsoak diren niregana etorri direnak. Izan ere, nerabe-gaztetxo garaiko sortze-prozesua eta gaur egungoa guztiz bestelakoak izan dira.

Erraz sortu dituzu bertso hauek?

Bertsoak idazten ditugunean, bukatutzat emateko epe jakinik ez dugunez, ahalik eta alerik borobilenak ontzen tematzen naiz, ez dut silaba bakoitzari dagokion hotsa aurkitu arteko onik izaten. Bertsoak idazteari utzi nion arte, hilabete inguru kostatzen zitzaidan sorta ontzea, hilabete eguneroko eserialdiekin. Oraingo honetan, ordea, nola "Harriak ez du begirik" bertso-sorta, hala  "Ardiak zenbatzen sehaska-kanta", berez-berez atera zitzaizkidan, orrazketa askoren beharrik gabe, hiru egunen buruan papereratua nuen sorta bat zein bestea.

Basarri bertso-paper lehiaketan bigarren saria irabazi duzu "Ardiak zenbatzen" lanarekin. Nolakoa izan da sortze-prozesua eta zer kontatu nahi izan duzu?
"Ardiak zenbatzen" sehaska-kanta bat da, sortzez nire neure melodia duena. Sariketara baina, doinua epaimahaikideentzat ezezaguna izateaz gain, anonimotasuna bermatzea ezinbestekoa delako, Urzo xuri polit bat doinuan bidali nuen. Neuk sortutako doinuan eta kantatuta bestelako indarra hartzen du sehaska-kantak, baina sarituak izan arte, epaimahaikide, bertsozale eta ingurukoek ez  dute sorta nik nahiko nukeen bezala gozatzerik izan. Kar-kar. Jolas polita izan da hori ere.

Esan bezala, "Ardiak zenbatzen" lana sehaska-kanta da, eta zortzi bertso eta bi bertsoz behin aldatzen den estribilllo baten bidez, lokartu aurreko instante horietan bigarren pertsonan zuzentzen natzaio balizko seme txikiari. Oso kanta goxo eta jolastia da, ahapaldi bakoitzean saiatu bainaiz gutxienik animalia baten inguruko ditxo eta iruditeria txertatuz jolas egiten.

Hogeita hamabost urte betetzear, ohartua nintzen nire inguruko lagunak guraso izaten ari zirela, eta ni ere oso umezalea izanik, sehaska-kantarako bidea ia oharkabean urratu dut. Gurasoei ere eskertza xume bat egin nahi nien bide batez.. Arreba lau urte pasatxo gazteagoa izanik, zortzi urte bete arte, gurasoen ahotik ipuin eta kantuak entzunez lokartzeko zori ona izan dut. Gauero ipuin eta kanta ezberdinak kanta-kontatzen zizkiguten gainera. Seme-alabei opari dakiekenik jostailu ederrena oparitu ziguten Iratiri eta bioi gure haurtzaroan, beraien denbora eta beren burua. "Ardiak zenbatzen" sehaska-kantarekin animaliak maitatzen eta amesten ikasiko dute umeek.

Eta lehen saria ere zuk irabazi duzu "Harriak ez du begirik" bertso-sortarekin. Nondik sortu dituzu bertso horiek?
"Harriak ez du begirik" lana erraietatik, amorrutik, ia eserialdi bakarrean ondutako lana da. Azken urteetan bi ikastetxetan ikasketaburu eta tutore zereginetan aritu naizenez, bertatik bertara oso egoera gordinak bizitzea egokitu zait: etxegabetutako ikasleen familiei lagundu beharra, etxean diru-sarrerarik ez dutelako zenbait irakasleren artean ikasbidaia ere ordaintzen lagundu behar izan diogu ikasle bat baino gehiagori... Familia hauen larruan jarri eta barruan egosiak berez-berez azaleratu zaizkit, gordin eta esanindar handiz. Sehaska-kantan ez bezala, nori bere tonua baitagokio, hizkuntza eta iruditeria landuagoa darabilt, zorrotzagoa.  Bi lanak estilo aldetik oso ezberdinak izan arren, biek ezin hobeto islatzen dute une honetan bizi dudan aldartea, eta bakoitzak berearekin asko asebete nau.   

Nola hartu dituzu sari hauek?
Horrelako sariak poz eragile ez ezik, akuilu ere badira, jakina, bai niiretzat eta baita nire ingurukoentzat ere. Izan ere, oso pozik nago saritua izan naizela jakitean beren poza helarazi didatenak zenbat diren eta zenbateraino poztu diren ikusita. Saria bera bezain ederra edo ederragoa da hori.

Sari hauek bultzatuko al zaituzte bertso gehiago sortzera? Edo hurbilduko al zaituzte bertso-mundura?
Egia da hamahiru urte eman ditudala bertsorik paratu gabe. Dena den, urte hauetan bestelako sorbideetan aritu naiz, literatur eta irakurketa taldeak sortu eta bideratzen, ikastetxean bizikidetza planak ontzen, euskararen, kulturaren eta irakurketaren inguruko ekimenen bidez herri-mailan eragiten, eta batez ere, isiltasuna eta isiltasunetik sortzen. Asko irakurri dut, asko pentsatu eta hausnartu egoera ezberdinen inguruan, eta urteotan aldez edo moldez pilatu dudana orain kanporatu dut, bertso eta kantu forman oraingoan. Ikasi ere egin dut, isiluneak sortzaileak direla, eta isiluneek esatekoak elikatzen dituztela.

Bestelako zaletasun eta egitekoetan murgilduago egoteaz gain, halabeharrez denboraren bestelako kudeaketa bat egitea dagokidalako, egun, bertsoa urrutixeagotik bizi dut. Dena den, urtean zehar hurbiltzen naiz inguruan egokitzen zaizkidan saioetara, eta hedabide eta bestelako euskarrien bidez  ere saiatzen naiz egunean egoten. Uztailean Altsasun hainbat gaztetxorekin bildu nintzen, (bertsotan latz egiten duen eta egingo duen herritar gaztetxo bat ere eramaten nuen), bat-batean aritu eta gaiek nahiz bertsoek eskaini eta eskatzen dituzten estrategiak lantzen. Ikaragarri gustora aritu gara, eta ikasturtean zehar zailago izango dugun arren, ea gutxieneko harreman horri eusten diogun. Teknologia berriei esker bertso idatziak lantzen ari gara, baina bat-batekoari ere nola-hala eutsi nahi genioke.  

Aurrera begira  ez dakit zenbat denbora igaroko den hurrengo bertso-sorta paratzerako. Esatekoa eta nola esana izatean idatziko dut, baina hori bai, neure burua behartu eta bortxatu gabe. Dena den, uste dut beste hamahiru urte igaro aurretik onduko dudala zer edo zer. Bat-batean ere ikusi nahi nauenik ere bada. Hori zailagoa izango da, baina nork daki.

Basarri Sariko sorta irabazleak

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra