Urtarrilaren 30ean izango da Donostian 2016-01-20

Egun osoko festa izango da Bertso Egunean

Egun osoko festa izango da Bertso Egunean
Urtarrilaren 30ean izango da Bertso Eguna Donotian. Ohi bezala, egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek eta aurten gainera hainbat berrikuntza izango dira. Goizeko ekitaldia kalean izan beharrean Kursaal pareko Picachilla garagardotegian egingo da; bertso-saio musikatua izango da. Gaueko afaria ere lekuz aldatuko da, Kursaalera itzuliko baita gaueko festa. Arratsaldeko ekitaldia 18:00etan hasiko da Kursaalen bertan. Egun osoan guztira 28 bertsolari ariko dira kantuan. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian dituzue salgai.
Nobedade bat baino gehiago izango ditu aurtengo Bertso Egunak. Ohi bezala, egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek baina hainbat aldaketekin, batez ere emanaldien kokapenari dagokionez.

Goizeko ekitaldia kalean egin izan da orain arte baina aurten Kursaal pareko Picachilla garagardotegian bertso-saio musikatua egingo da. Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza ariko dira kantuan bat-batekoan, eta Rosi Lazkanok eta Nerea Elustondok bertso jarriak eskainiko dituzte. Emanaldia Estitxu Eizagirrek aurkeztuko du eta Idurre Eskisabalek eta Eñaut Asurrabarrenak ere parte hartuko dute gitarraz musikatutako testuak eskainiz. Gidoia eta gaiak lantzeko Ainhoa Agirreazaldegi eta Arkaitz Goikoetxearen laguntza izan dute.

Eguneko ekitaldi nagusia arratsaldeko 18:00etan hasiko da Kursaalen. Aitziber Garmendiak aurkeztuko du saioa eta Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Xabier Terreros, Jon Maia, Oihana Bartra, Julio Soto eta Agin Laburu ariko dira kantuan. Odei Barrosoren 2zio taldea ere zuzenean ariko da.  "Erabakia" izango da aurtengo emanaldiaren ardatz; alegia, bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan kantuan hasi arteko erabakiei buruz ariko dira. Aurtengo ideia eta gaiak latzen aritu dira Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Eneko Lazkoz eta Urko Casado.

Eta eguna bukatzeko, afaria eta afalosteko saioa. Bi urteren ondoren, berriz Kursaalen egingo da gaueko ekitaldia. Hamabi bertsolari ariko dira kantuan: Amets Arzallus, Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Eli Pagola, Maddalen Arzallus, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre. Alaitz Rekondok egingo ditu aurkezle-lanak. Bat-bateko bertsoez gain, bertso-jarriak ere abestuko dituzte, tartean baita musikatuak ere.

Guztira 28 bertsolari ariko dira kantuan 47. Bertso Egun honetan. Goizeko bertso-saio musikaturako ez da sarrerarik behar. Arratsaldeko eta gaueko ekitaldietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian dituzue salgai.


Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra