Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2016-04-05

Jauzia ematera datorren txapelketa

Igande honetan hasi eta maiatzaren 22ra bitartean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udaberriko fasea egingo da 56 bertsolari eta 9 saiorekin. Berrituta dator aurten txapelketa.
 Gaur aurkeztu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Bilbon. Zabu arrosa bat irudi duen txapelketa jauzi bikoitza ematera datorrela azaldu du Maddi Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Komunikazio arduradunak: bertsolari bakoitzak bere bertsogintzari emango diona, eta txapelketak berak plazari emango diona. Jauzia handiagoa izan dadin, formatuz aldatuta dator aurtengo txapelketa.

 Eskualdeetako Txapelketak eta Udaberriko Fasea


 Orain arte Eskualdeetako Txapelketetatik sailkatu izan dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketan ariko diren bertsolariak. Aurten, ordea, bereizi egin dira bi txapelketak. Azken hilabeteotan ari dira Bizkaiko Eskualdeetako Txapelketak jokatzen, tokian-tokian ahalik eta eragin handiena izateko. Eta igande honetan abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udaberriko fasea, 56 bertsolarirekin. Aurtengoan, eskualde guztietako bertsolariek eman dute izena.

 Formatuaz gain, talde antolatzaileari ere haize berria ekarri diola azaldu du Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Lehendakariak. Jende berria sartu dela antolakuntzan. Aurtengo aldaketa hausnarketa luze baten emaitza dela azpimarratu du, eta txapelketaren atzean eguneroko lanean oinarritutako proiektu bat dagoela.

 Zabua irudi

 Birziklatutako materialarekin egindako zabu bat da aurtengo txapelketaren irudia, lehen aipatutako jauzi horren sinbolo. Hitz ugari erabiltzen dira zabua esateko, eta aniztasun hori ere bildu nahiko luke aurtengo txapelketak.

 56 bertsolari udaberriko fasean

 56 bertsolarirekin abiatuko da udaberriko fasea. Udazkenean, noizbait Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean aritutako bertsolariak gehituko zaizkio taldeari. Denera 30 izango dira udazkeneko fasean arituko diren bertsolariak.

 Oinarri sendoa

 Txapelketaren atzean hezkuntza arautuan eta bertso-eskoletan egiten den lana dagoela oinarrian azpimarratu du Asier Ibaibarriagak. Bide beretik mintzatu da Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako Bizkaiko Foru diputatua ere. Leire Aragon BBK-ko Gizarte Ekintzaren zuzendariak ere garrantzia eman dio transmisioari eta belaunaldien arteko loturari, eta BBK-k urteetan babestutako BBK Sariketan aritutako bertsolariak txapelketan ariko direla nabarmendu du.

 Sarrerak bertan

 Aurtengoan sarreren salmentan ere aldaketak izango dira. Sarrerak saio egunean soilik eskuratu ahal izango dira, saioa hasi baino ordubete lehenago, aretoetako leihatiletan. Horrez gain, txapelketa jarraitzeko aukera izango da bai helbide honetan, eta baita Bertsoa.eus atarian ere.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra