Plazatik Gaztetxera sariketaren bigarren finalaurrekoa jokatu zen larunbatean 2016-05-09

Eli Pagola eta Iñigo Zubiaurre “Beitxi”, eta Aitor Salegi eta Antton Aizpurua finalera

Eli Pagola eta Iñigo Zubiaurre “Beitxi”, eta Aitor Salegi eta Antton Aizpurua finalera
Plazatik Gaztetxera sariketaren bigarren finalaurrekoa jokatuta, erabaki da finaleko kartela. Larunbatean Markina-Xemeinen, Eli Pagola-Iñigo Zubiaurre "Beitxi" eta Aitor Salegi-Antton Aizpurua bertso-bikoteek lortu zuten finalerako txartela. Beraiekin batera izango dira Maider Arregi-Gemma Urteaga, eta Manex Astigarraga-Maddi Sarasua bertsolariak. Finala Mutrikun jokatuko da hilaren 21ean, Plazatik Gaztetxera Egunean.
Larunbatean Markina-Xemeinen jokatu zen XV.Plazatik Gaztetxera sariketaren bigarren eta azken finalaurrekoa. Han izan ziren kantuan  Aratz Igartzabal “Potto” eta Asier Galarza “Muxi”, Eli Pagola eta Iñigo Zubiaurre “Beitxi”, Imanol Lekunberri “Txilin” eta Eñaut Martikorena, eta Aitor Salegi eta Antton Aizpurua.

"Leku askotatik hurbildutako 50 bertsozalek afaldu zuten Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean. Afalostean, saioa ikustera hurbildu zirenekin gaztetxea beteta zegoen" diote antolatzaileek.  "Agur bizien ostean argi geratu zen publikoa bero zegoela. Gaueko lehen ariketan saio bikaina egin zuten Imanolek eta Asierrek inguruko bi gazte baserritarren paperean. 8ko txikian ere ale ederrak izan ziren oso bizi eta azkar abestu zutelarik. Asmakizunen jolasean nahaste ederra izan zuten, publikoaren laguntza eskertu zutelarik zenbait unetan. Jokoa luzatu egin zen azkenerako. Librean egindako kopla saioetan bizitasuna berreskuratu zuten eta azken ariketan, bikoteko batek bertsoa osatu behar zuen bere bikoteak errimak puntu erdietan ematen zizkion bitartean eta oso bertso dotoreak atera ziren. Ariketa honetan Antton eta Aitor oso ondo moldatu ziren beste batzuek elkarlan arazoak izan zituztelarik."

Publikoaren botoak bildu bitartean, "Eñautek sekulako segidilla eskaini zuen bere bertso kideei adarra joaz eta gaztetxeko giroa are gehiago berotuaz. Eli ere tentatu zuen Eñautek kanturako eta baita animatu ere"

Finaleko kartela erabakita
Azkenean, Eli Pagola eta Iñigo Zubiaurre “Beitxi”, eta Aitor Salegi eta Antton Aizpurua bertso-bikoteek lortu zuten finalerako txartela Markina-Xemeinen. Beraiekin izango dira kantuan Gemma Urteaga eta Maider Arregi, eta Manex Astigarraga eta Maddi Sarasua.

Finala maiatzaren 21ean jokatuko da Mutrikun, Plazatik Gaztetxera Egunean.



Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra