Ekitaldi ugari izango dira aurten 2016-05-11

Txirrita gogoan hil zeneko 80. urteurrenean

Hitzaldiak, mendi irteera Txirritaren bizitzan mugarri izandako lekuetan barrena, Eskolarteko finala, bertso-saioak... Ekitaldi ugari izango dira Ereñotzun, Aranon eta Urnietan.
 Aurten 80 urte beteko dira Jose Manuel Lujanbio "Txirrita" bertsolari ezaguna hil zenetik. "Nere aipamenak izango dira beste larogei urtian" bertso-bukaera ezagun egin zuen, eta aurten, urteurren seinalatua izanik, ekitaldi ugari izango dira bera gogoratzeko.

 "Txirritaren erreminta batzuk"

 Hasteko, maiatzaren 18an, arratsaldeko 19:00etan, Koldo Izagirre idazleak hitzaldi bat eskainiko du Ereñotzuko Auzo etxeaan: "Txirritaren erreminta batzuk". Koldo Izagirrek asko ikertu izan du Txirrita, eta ezagutza horretatik sortutako hitzaldia izango da.

 Mendi-irteera

 Maiatzaren 22an, berriz, mendi-irteera egingo da Txirritaren bizitzan mugarri izan ziren hainbat lekutatik barrena: Ereñotzuko plazatik abiatuko da, Txirritak lehen plaza egin zuen etxe aurretik eta, ibilbidean zehar, Latxe (bere jaiotetxea), Uxuka Erreka-Alkatxuin, Epele-Fagollaga eta Ereñotzu igaroko dituzte. Puntu bakoitzean leku horiek aipatzen diren Txirritaren bertsoak kantatuko dira. Denera 3-4 orduko ibilbidea izango da eta, antolatzaileek azaldu dutenez, ez du zailtasun berezirik izango.

 Luzia Alberroren hitzaldia

 Maiatzaren 25ean Luzia Alberrok hitzaldia emango du arratsaldeko 19:00etan. "Bertsolarien ahoz modernizazio prozesua eta identitate bideak Gipuzkoan. 1830-1936" izeneko doktoretza tesia egina dauka Luzia Alberrok. Bertan, urte horietan Gipuzkoan izandako modernizazio prozesua azaltzen du 6 bertsolariren bertsoetako aipamenak aztertuta. Txirritaz gain Xenpelar, Bilintx, Pello Errota, Otaño eta Lopetegi dira bertsolari horiek.

 Eskolarteko finala

 Ekainaren 4an Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala egingo da 15 eta 18 urte bitarteko bertsolariekin. Ereñotzun jokatuko da finala, baina egun osoko egitarau baten barruan. Finala goizeko 11:00etan izango da, ondoren bazkaria egingo da Larre-Gain sagardotegian eta, bazkalostean, sagardotegian bertan erromeria berezia izango da Xabier Solano, Jon Mari Beasain, Sergio Ordoñez eta Harkaitz Bastarrikaren eskutik. Bazkaritarako sarrerak jada eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian.

 San Antonio jaiak

 Hurrengo astean, berriz, San Antonio jaiak izango dira Ereñotzun, eta Txirritak izango du bere lekua jaietan ere. Ekainaren 10ean Txirrita eskolako umeek urtero egiten duten emanaldi berezian, lekua egingo diote Txirritari. Frontoian izango da emanaldia.

 Ekainaren 12an, berriz, ohiko bertso saioa egingo da arratsaldeko 18:30ean. Eta hilaren 13an ere bertso-saioa egingo da San Antonio eguna dela eta.

 Udazken Kulturala

 Ekitaldiak ez dira udan amaituko, udazkenean beste bi ekitaldi izango baitira. Batetik, "Urumea bailarako bertsolaritza" liburua abiapuntu hartuta, Estitxu Eizagirrek eta Eñaut Agirrek hitzaldi-mahai inguru-ekitaldi partehartzailea eskainiko dute.

 Eta Eñaut Agirrek berak Txirritaren eta Urumea bailararen erreferentzia egiten duten zenbait bertsorekin osatutako bertso-musikatu emanaldi berezi bat ere eskainiko du afari-bueltan, oraindik data eta lekua zehaztu gabe badaude ere.

 Aranon eta Urnietan ere bai

 Ereñotzutik kanpora ere gogoratuko dute Txirrita. Maiatzaren 14an bertso-afaria egingo dute Aranoko kontzejuan Agin Laburu eta Aitor Mendiluze bertsolariekin.

 Urnietan, berriz, Donostia 2016 kultur hiriburutzaren egitarauaren barruan, "Gabon, Txirrita" antzerki herrikoia egingo dute. Antzerkia 1982an Xabier Letek taularatutako antzerkitik abiatuko da. Egokitzapen lana Bernardo Atxagak egin du, eta urnietarren parte-hartzearekin taularatuko da.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra