Araba, Bizkaia eta Iparraldeko Eskolarteko Bertsolari Txapelketak 2016-05-23

Aroa Arrizubieta, Kerman Diaz eta Txaber Altube irabazle asteburuko finaletan

Aroa Arrizubieta, Kerman Diaz eta Txaber Altube irabazle asteburuko finaletan
Aroa Arrizubietak irabazi du Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, Kerman Diazek Iparraldekoa eta Txaber Altubek Bizkaikoa. Beraiekin batera sailkatu dira Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalera Arabatik Peru Amorrortu, Lapurditik Nahia Sasco, Baxenabarretik Oier Urrezti eta Elixabet Etxandi, eta Bizkaitik Unai Mendiburu. Finala ekainaren 4ean izango da Ereñotzun.
Larunbatean jokatu zen Arabako bertso-eskolen eguna, eta 14 eta 18 urte artekoen Eskolarteko finala. Aramaioko kultur-etxean eman zitzaion hasiera egunari: Aramaioko eta Legutioko ikasleek bertso-sortak eskaini zituzten lehenik eta jarraian jokatu zen Eskolarteko finala. Maria Izaga gai-jartzaile zutela Aroa Arrizubieta, Markel Yoller, Martin Abarrategi, Peru Amorrortu, Unai Anda eta Xabier Antia aritu ziren kantuan. Ariketa guztiak egin ondoren, Aroa Arrizubietak irabazi zuen saioa eta Peru Amorrortu sailkatu zen bigarren. Bertxilika Bertso Eskolako kideak dira biak eta beraiek ordezkatuko dute Araba aurtengo Euskal Herriko Eskolarteko finalean.

Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoko Bertsu-Eskolen Eguna ere larunbatean ospatu zen, Hazparneko Haritz Barne zinegelan. Gazteen mailako eskolarteko Xapelgoa ere bertan jokatu zen. Goizean kanporaketak jokatu zituzten eta parte hartu zuten 11 bertsolaritatik lau sailkatu ziren bazkalosteko finalera: Kerman Diaz (Urruña), Nahia Sasco (Lekuine), Oier Urrezti (Bidarrai), eta Elixabet Etxandi (Izpura). Azkenean, Kerman Diaz urruñarrari jantzi zion txapela Mixel Aire "Xalbador"-ek. Berarekin batera Nahia Sasco izango da Euskal Herriko Eskolarteko finalean Lapurditik, eta Baxenabarretik Elixabet Etxandi eta Oier Urrezti.

Atzo izan zen Bizkaiaren txanda. Getxoko Fadura aretoan jokatu ziren Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari txapelketaren idatzizko finala eta bat-batekoa. Aritz Landeta Terceño (Algortako Bertsolari Eskola), Beñat Bilbao Landa (Durangoko Bertso Eskola), Bittor Altube Sarrionandia (Durangoko Bertso Eskola),  Eneko Barruetabeña Bilbao (Durangoko Bertso Eskola),  Gorka Pagonabarraga Agorria (Durangoko Bertso Eskola), Iruri Altzerreka Martinez (Berrizko Bertso Eskola), Txaber Altube Sarrionandia (Durangoko Bertso Eskola) eta Unai Mendiburu Valor (Algortako Bertsolari Eskola) aritu ziren bat-batean kantuan. Txaber Altubek irabazi zuen txapela Unai Mendibururekin buruz burukoa jokatuta. Biak sailkatu dira Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalera

Euskal  Herriko Eskolarteko finala
Ekainaren 4ean jokatuko da Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala Ereñotzun, Txirritaren heriotzaren 80.urteurrenean.





Albiste gehiago

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-03-07

Hitzetik Hortzera Xabier Rico Arabako txapel emailearekin