Europa Bat-Batean 2016-07-12

Kantu inprobisatua transmititzeko bideak

Bigarren egunean dira Europa Bat-Batean ekimeneko udako topaketak. Patricia Tápanes eta Yunet López; Rebeca Limónn, Dana Limón eta Diana Hernández; Harkaitz Zubiri eta Jon Sarasua eta Arantzazu Loidi aritu dira hizlari lanetan. Glosadors dokumentala ere ikusgai izan da Miramar Jauregian.
 Bigarren eguna dute gaur Europa Bat-Batean ekimeneko udako topaketek. Kantu Inprobisatuaren transmisioaren inguruan aritu dira Miramar Jauregiko hitzaldietan.

 Kubako eredua

 Patricia Tápanes eta Yunet López aritu dira Kubako puntuaren transmisioaren inguruan. Patricia Tàpanesek ahozko inprobisazioak Kuban duen egoeraren irakurketa orokor bat egin du. Azaldu duenez, oso zabaldutako fenomenoa da uharte osoan, eta gizartean atxikimendu sendoa daukana. Familia bidezko transmisioaz gain transmisio arautuago bat ere martxan jarri da inprobisazio tailerrei esker. Horietako batean hasi zen Yunet López inprobisatzailea. Birraitona oso inprobisatzaile ezaguna izanik, familian txertatutako tradizioa zuen, baina, emakumeentzat ez omen da jardun ohikoena. Umetan hasitako bideari jarraitzen dio oraindik.

 (Laburpen bideoa ikusgai hemen)

 Guapangoa gaztetzea

 Alondrak taldea etorri da Mexikotik. Guazteca kulturako tradizioa irakasle bati esker jaso zuten Rebeca eta Dana Limonek eta Diana Hernandezek, eta bide horri segika sortu zuten Alondrak taldea. Hirurek eman duten beren jardunaren berri. Azaldu dutenez, galtzorian zegoen tradizio honetan gazteak txertatu dira azken urteotan, eta adineko musikari eta abeslariekin batera aritu ohi dira kantuan. Arratsaldean beren jarduna entzuteko aukera izango da DSS2016ko egoitzan.

 (Laburpen bideoa ikusgai dago hemen)

 Bertsolaritza gizarte mugimendu gisa

 Bertsolaritzaren inguruan lanean ari da azken hilabeteotan Harkaitz Zubiri. Bertsolaritzak azken urteotan egindako bidean bi gako azpimarratu ditu gaurko hitzaldian: plazako jardunaren aniztasuna eta bertsolaritzaren sozializazioa bera. Bere iritziz bertsolaritzaren ingurua gizarte mugimendu bezala antolatu izanak ekarri du bertsolaritza gaur egun dagoen lekura.

 (Laburpen bideoa ikusgai hemen)

 Almeneko bertso-eskolak

 Lehenengo bertso-eskoletan ikasle moduan aritu ziren Arantzazu Loidi eta Jon Sarasua. Ordutik lan handia egin dute, eta oraingo begiradatik jarri dira garai haietara begira, etorkizuneko bertso-eskoletan erabilgarri izan daitezkeen gako batzuen bila.
 
 (Laburpen bideoak ikusgai hemen)

 "Glosadors": bizipenak dokumentalean

 Roser Texidok, azkenik, "Glosadors" dokumentalaren aurkezpena egin du goizeko saioa bukatzeko. Orain dela urte batzuk izan zuen glosaren berri, eta orduko bizipenak ikus-entzunezko batean txertatzen ahalegindu dela azaldu du, ikusleek ere bizipen horiek jaso ditzaten.

 Laxaro Azkuneren balorazioa

 Goizeko saioan entzundakoen hautaketa pertsonal bat egin du Laxaro Azkunek Bertsoarako.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra