Emakunderen beka bati esker 2016-09-15

"Emakume bertsolariak: ahanzturatik diskurtso propiora" lana aurkeztu dute

"Hegemonikoki gizonezkoa izan den eremura emakumeen hurbilketa ahalbideratu duten iniziatiba eta faktoreen azterketa" egin dute Gema Lasartek, Amaia Alvarez Uriak, Ana Isabel Ugaldek, Pablo Lekuek eta Judit Martinezek. Zeintzuk dira faktore horiek?: bertsolaritzaren modernizazioa, bertso eskolen sorrera, genero identitatearen eraikuntza edo kontzientziazioa, erreferenteen agerpena eta emakumezko bertsolariak eginiko ekimenak. Lana sarean argitaratu dute.
"Emakume bertsolariak: ahanzturatik diskurtso propiora" lana aurkeztu du EHUko ikerlari talde batek, Emakunderen bekak lagundutak. "Hegemonikoki gizonezkoa izan den eremura emakumeen hurbilketa ahalbideratu duten iniziatiba eta faktoreen azterketa" egin dute  Gema Lasartek, Amaia Alvarez Uriak, Ana Isabel Ugaldek, Pablo Lekuek eta Judit Martinezek. Zeintzuk dira faktore horiek?:  bertsolaritzaren modernizazioa,  bertso  eskolen  sorrera, genero   identitatearen eraikuntza  edo kontzientziazioa,  erreferenteen  agerpena eta  emakumezko  bertsolariak  eginiko  ekimenak. Lan hau egiteko 35 bertsolari elkarrizketatu dituzte, gehienak emakumezkoak eta galdetegi bidez beste 200 bertsolarirengana ere iritsi dira.

Bilakaera historikoa ere aztertzen du lanak. Ana Isabel Ugalde historialariaren arabera, XV. mendekoak dira emakumea eta bertsolaritzaren lehenengo aipuak, beraz, pentsatzekoa da aurretik ere bazela errealitate hori.

Ikerketaren ondorio nagusiak:

1-Egindako  errebisio  bibliografikoan,  historiak  erakutsi  digu  emakume  bertsolarien bilakaera  ez  dela  lineala  izan,  ezta  molde  bakarrekoa  ere,  anitza  baizik.  Eta  bilakaera horretan ikusezintasuna eta ahanztura izan dira nagusi. Hala ere, andre bertsolarien lorratza poliki-poliki agerian jartzen ari da. 

2.-Modu  berean,  bertsolaritza  modernizatu  egin  dela  ikusi  dugu.  Publikoa  ez  ezik bertsolarien profila aldatu da.

3.-Elkarrizketatuek  aipatzen  dute,  1990eko hamarkadara  arte  itxaron  beharko  dugula  emakume  bertsolariak  izateko  taula  gainean,  erreferente  femeninoak  izateko,  garai  hartako  femeninotasun  androgino  edo  ‘neutralizatuan’  bada  ere.  Orduan  agertu  ziren  Iratxe  Ibarra  Bizkaian,  Maialen  Lujanbio  Gipuzkoan  eta  Estitxu Arozena Nafarroan nabarmenen.

4.-Bertso  eskolatik  oholtzarako  saltoa  inflexio  gunea  da  bertsolarien  eraketan. Leku  segurutik,  presiora  eta  bakardaderako  saltoa  da.  Horren  ondorioz,  nahitaez  landu behar dira seguritatea eta autoestimua. Bertso eskoletako babesa ez da galdu behar. Baina, halaber, krisia eta kontzientzia hartzeko unea ere bizi behar da.

5.-Kontzientziaren  sorrera  aipatzerakoan,  konturatzen  dira  esperientzia  behar  dela  eta  bizitakoa  konpartitzeak  asko  laguntzen  duela.  Berdinen  artean  jasandakoa  partekatzean  jabetzen  dira  eurena  ez  dela  kasu  isolatua  izan,  egitura  soziala  errepikatzen dela emakume guztien bizipenetan. Eta, diotenez, ispilu efektu horren ondorioz  errealitatea  ez  dute  berriro  berdin  ikusiko.  Aurretik  ikusten  ez  zituztenak  argi  ikusiko  dituzte  aurrerantzean,  eta  horrek  haien  burua  birkokatzera  behartuko  ditu.

6.-Prestakuntza  dela  eta,  aipatzen  dute  oholtzan  eta  txapelketetan  babesa  eta  indarra lortze  aldera  emozionalki  indartsu  egon  behar  dela.  Emakumeek  eroso  eta  gustura esperimentatzeko  guneak  behar  dituztela.  Hori ez  ezik  metodologia  bat  burua  eta gorputza, biak, kontuan izaten irakatsiko diena.

7.-Emakume  bertsolariak  elkar  deskubritzean,  plazak  egiten  hasitakoan  hurbil  izan dituztenak  kantuan,  eredu,  kide, konplize bihurtu  direla  aipatzen  dute.  Eta  orduan  etorri  zaie  kontzientzia  batzuei,  orduan  konturatu  dira  haien  erreferenteak  ordura  arte   gizonezkoak   izan   direla,   eta   orduan,   aldi   berean,   hasi   dira   emakume   bertsolariak agertzen, eta elkarri begiratzen. 

8.-Maialen  Lujanbio  izan  da  XXI.  mendeko  erreferentzia  nagusietako  bat.  Imitatzeko  eredu   nagusi   bihurtu   da.   Askorentzat bere   txapela   sinbolo   eta   berrikuntza   proposamena izan da, baina hori formaltzea, ofizialki aitortzea falta da. 

9.-Erreferenteetan,  gehien  errepikatu  den  gizonezko  bertsolari  garaikidea  Igor  Elortza izan  da,  erdiak  baino  gehiagok  izan  dute  kontuan.  Horri  hurbiletik  jarraitzen  diote  Andoni  Egañak  eta  Unai  Iturriagak  elkarrizketatuen  erdien  aipamenekin.  Gero  Xabier Amuriza eta Jon Sarasua datoz.

10-Diskurtso  propioa  eraikitzen.  2000.  urtetik  aurrera  orain  arte  izan  den  aniztasun handiena  aurkitu  dugu  plazan.  Badira  emakume  bertsolariak,  Maialen  Lujanbiok  aurretik   egin   bezala,   bere   bidea   egiten   hasi   direnak.   Ahots   propioaren   bila   dabiltzanak. Emakume bertsolariei dagokien ez, hasieran “nesken taldea” zena gero eta pertsonalizatuagoa izaten ari dela ikusi dugu. Hau da, bertsolari bakoitzak badu bere  modua  eta  hori  gizonengan  argi  ikusi  izan  den  moduan,  emakumeengan  gero  eta argiago ikusten ari da. 

11.-Ikusi  ahal  izan  dugunez,  emakume  bertsolariek  ahalduntze  bidean  lan  ugari  egin dute,  beharra  emakumeengandik  sortua  izan  da  eta  estrategiak  emakumeengandik  pentsatuak.  Horrela,  urteetako  kantu  isilaren  ondoren,  Bertsozaleen  Elkarteak Genero Batzordea martxan jarri zuen 2009an.

12.-Halere,  agerian  geratu  da  Genero  Batzordea  sortu  aurretik  eta  ondoren  emakume  bertsolarien  ekimenak  ugariak  izan  direla  eta  emakume  bertsolariari  kultur  eremu  honetan  agentzia  eman  diotela  denboraren  joanean. Ikusezin  izatetik  bertso  jardunetan, epaimahaietan eta publikoan ikusgarri izatera pasatzen lagunduz.

13.-Emakume   bertsolariek   emakumeen   aliantzen   beharra   aipatzen dute,   aitortuak   sentitzeko, baloratuak sentitzeko eta kontzientzia feminista lortzeko.

14.-Modernizazioa,  bertso   eskolen   sorrera, genero   identitatearen   eraikuntza   edo kontzientziazioa,  erreferenteen  agerpena eta  emakumezko  bertsolariak  eginiko  ekimenak  dira  hegemonikoki  gizonezkoena  izan  den  eremura  emakumeen  hurbilketa ahalbideratu duten iniziatiba eta faktoreak. Eta ikerketa honek begi bistan jarri dituenak.

15.-Etorkizunari begira, bertso eskola feminista abian da, emakumeak ahalduntzeko esperimentazio  berria,  gizonezkoa  hegemonikoki  izan  den  plazan  agentzia  hartzen  hasteko metodologia eta modua.

Ikerketa sarean dago argitaratuta helbide honetan

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra