Hitzetik Hortzera 2016-10-06

Son Gokuren ahotsari aurpegia jarriko dio Hitzetik Hortzerak

Aste honetako programan Alkiza, Aizarnazabal, Loiu eta Aretxabaletako bertsoaldiak izango dira ikusgai, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren berri ere emango dugu. Historikoen atalean, Xabier Amurizak "aita" hitzari kantatutako bertsoaldia berreskuratuko dugu.
 Bete-betea dator denboraldiko bigarren Hitzetik Hortzera. Aste honetan Joseba Etxebarria izango da gonbidatua: bikoizketa lanetan aritzen da larrabetzuarra eta, besteak beste, berak jarri zion "Dragoi Bola" marrazki bizidunen sail arrakastatsuko protagonistari, Son Gokuri, ahotsa. Bere lanaren berri ezagutuko dugu bere eskutik.
    
 Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren berri
   
 Joseba Etxebarria bertsozalea da, gainera, eta harreman estua du Bertsozale Elkartearekin. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako antolakuntza taldean urte asko daramatza jada. Urriaren 15ean abiatuko da udazkeneko fasea, eta datorrenaren berri emango digu. Horrez gain, udaberriko fasean izandako berrikuntzak ere azalduko dizkigu.
   
 Lau bertso-saiotako bertsoaldiak
   
 Aste honetan bertso-saio ugaritako bertsoaldiak izango ditugu, gainera, ikusgai: Alkiza, Aizarnazabal, Aretxabaleta eta Loiukoak hain zuzen ere. Hala, Maialen Lujanbio entzungo dugu Oihana Iguaranen, Amets Arzallusen, Andoni Egañaren, Agin Labururen eta Sebastian Lizasoren mediku lanetan; hernaniarra Sigourney Weaver-en larruan sartuko da eta Sebastian LIzaso garbitzailea baineran aurkituko du; Amets Arzallusen eta Andoni Egañaren puntukako saio ederraz gozatuko dugu; Jexux Mari Irazu aita Aitor Mendiluze semeari etxeko-lanetan lagundu nahi eta ezinean ikusiko dugu... Denera bederatzi bertsolariren bertsoaldiak ikusiko ditugu aste honetako programan.
 
 Xabier Amurizaren bertsoaldi historikoa

 Aste honetan bertsoaldi historiko bat berreskuratuko dugu, gainera. Ezaguna da 1980an Xabier Amurizak "aita" gaitzat hartuta osatu zuen bakarkakoa. "Ikuska" sailerako ikus-entzunezko lan eder bat osatu zuten ondoren bertsoaldi harekin. Lan haren zatitxo bat pantailaratuko dugu aste honetan, eta Xabier Amurizaren ahotsetik jakingo dugu gai hark zer mugitu zuen bere barruan eta nolakoa izan zen sortze-prozesua.

 Igandean ikusgai
 
 Ohi den bezala, igandean izango da ikusgai Hitzetik Hortzera ETB1ean, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieran-en.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra