Txirritaren heriotzaren urteurrena 2016-10-19

Txirritaren bertso emanaldia urriaren 29an Ereñotzun

Egitarauan zenbait aldaketa izan ondoren, urriaren 29an izango da Ereñotzun Txirritaren bertso jarrien emanaldi musikatua, Eñaut Agirre eta Imanol Kamioren eskutik, besteak beste. Azaroaren 2an hitzaldia Urumea bailarako bertsolaritzaz, Estitxu Eizagirrek emana. Azaroaren 5ean 'Gabon Txirrita' antzerkia.
Egitarauan zenbait aldaketa izan ondoren, urriaren 29an izango da Ereñotzun Txirritaren bertso jarrien emanaldia, Eñaut Agirreren eskutik. Azaroaren 2an hitzaldia Urumea bailarako bertsolaritzaz Estitxu Eizagirrek emana eta azaroaren 5ean 'Gabon Txirrita' antzerkia.

Bertso musikatuak eta herri afaria

Eñaut Agirre bertsolari eta kantariak, Txirritaren bertsoen artean hautaketa bat egingo du eta horiei musika jarriko diete Ereñotzuko zenbait musikarik. Besteak beste Imanol Kamio, Txus Aranburu, … eta Kamio beraren Doinu Zale musika eskolako beste zenbait musikari ariko dira. Ekitaldi hau, urriaren 29an izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita Ereñotzuko frontoian. Sarrera dohainik izango da.

Eñaut Agirreren hitzetan, Txirritaren bertso jarriak eta bat batekoak hautatu ditu. Bertso jarrietan hiru alderdi behintzat sailkatu ditu: bertsoen bidez egindako kronista lana, historiaren berri bertsoen bidez eta irudimena (gauzak irudikatzeko Txirritaren modu berezia).
Bat bateko bertsoei dagokionez berriz, umoreari eta erritmoari jarri dio arreta Eñautek eta neurri ezberdinetan kantatutako bertsoak sailkatu ditu. Azkenik, Hernaniko Bertso eskolako kideen parte hartzea ere eskatuko du Eñautek, Txirritarekin ofizioan aritu ziren hainbat bertsolariren paperean kantatzeko.

Bertso musikatu emanaldiaren jarraian herri afaria egingo da frontoian bertan. Afaria Basatxerri Elkartearen eskutik izango da. Basatxerri Elkarteak, Euskal Herrian hazitako eta aske ekoiztutako txerri eta txerrikiak ekoizten ditu eta produktu horiekin eskainiko du afaria. Edateko, sagardo kupelak jarriko dira frontoian bertan. Herri afarirako txartelak jadanik salgai daude. Ereñotzuko Auzo udalean, udazken kulturaleko ekitaldi ezberdinetan eta Hernaniko Tripontzi tabernan ere hartu ahalko dira.

Urumea bailarako bertsolaritza

Duela urte batzuk “Urumea bailarako bertsolaritza” liburua argitaratu zuen Hernaniko Iraulio Panttalone bertso eskolak. Liburuko informazio bildu eta idaztearen ardura Estitxu Eizagirrek hartu zuen. Liburu honen zenbait atal hartu eta haien nondik norakoen berri emango du Estitxu Eizagirre, bertsolari eta kazetariak. Ohiko hitzaldi bat bakarrik izan beharrean, hitzaldi-emanaldi parte-hartzailego bat izatea gustatuko litzaiokeela adierazi du Estitxuk berak.

“Gabon Txirrita” antzerki herrikoia

Txirritaren urteurreneko ekitaldiekin amaitzeko, Urnietako herritarrek prestatu duten “Gabon Txirrita” antzerki herrikoiaren azken emanaldia izango da Ereñotzun, azaroaren 5an. Antzerki hau Donostia 2016arekin elkarlanean antolatu da eta jadanik bi emanaldi egin dira, bata Donostian eta bestea Urnietan. Ereñotzun izango da azken aukera
1982an Xabier Letek oholtzaratu zuen “Gabon Txirrita” antzerki herrikoia Urnietan hain zuzen ere. 34 urte geroago, Xabier Leteren testutik abiatuta, Mikel Laskurain eta Miren Gojenolak zuzendu dute, 50 herritar baino gehiagok parte hartzen duten antzerki hau.
Emanaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da eta sarrerak Ereñotzuko Auzo Udalean eta Hernaniko Biteri Kultur etxean lortu ahal izango dira 5 ¤tan.

Albiste gehiago

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-03-07

Hitzetik Hortzera Xabier Rico Arabako txapel emailearekin