Xenpelar Dokumentazio Zentroa 2016-12-30

Otañok 1903ko urte berriari

1903an Pedro Mari Otañok bertso-sorta hau idatzi zuen XX.mendearen lehen bi urteek eman zutena kontatzeko. Idatzita jaso dugu bertso-sorta osoa eta ikusgai duzue bideoan Xabier Amurizak eta Anjel Mari Peñagarikanok kantatutakoa bertsolari zizurkildarraren ehungarren urteurreneko ekitaldian.
Urte amaieran ohikoa da pasatakoaren errepasoa egitea eta datorrenari begira jartzea; baita bertsotan ere. Ez da gaurko kontua. 1903an Pedro Mari Otañok bertso-sorta hau idatzi zuen XX.mendearen lehen bi urteek eman zutena kontatzeko. Bertso zoragarri hauetan orduko Euskal Herriaren egoerari buruz kantatu zuen.

Idatzita jaso dugu Otañoren bertso-sorta osoa eta ikusgai duzue bideoan Xabier Amurizak eta Anjel Mari Peñagarikanok kantatutakoa bertsolari zizurkildarraren ehungarren urteurreneko ekitaldian.

URTEBERRIARI
Pedro Mari Otaño, 1903

 Hogeigarren ehunkian
kristauen bizitzan
bi urte igaroak
dauzkagu desditxan:
begira dierriak
zer nola dabiltzan
elkar purrakatutzen
nonahi harakintzan.
Aurreratutzen goaz...
txangurroen gisan.
 

Gizon eta herriak
dabiltza beldurrez
elkar zelatatuaz
lehorrez eta urez
hitz ederrak esanaz
barrendik gezurrez:
«Zein dirade gaiztoak?
Besteak bai, gu ez...».
Indarra nagusi eta
gogorrena juez.

 
Aurreratu duela
gizonak lurrean
esaten da mirari
askoren aurrean
baina gizatxarraren
bihotz gogorrean
eta harro doilorren
zentzu laburrean
haunditasuna dago
eskumuturrean.


Asko aurreratu da,
baina zertarako
ez bada nahitasunik
elkarrenganako?
Atzaparrak dabiltza
bihurturik kako
besteentzat bezela
Euskal Herrirako...
Ez degu arrazoirik
gutxi geralako.


Gutxi! Ju, ju!... Ez dakit...
Hala ote gera
begiratuagatik
askok goitik behera?
Gu ez goaz behin ere
besteren kaltera
ta zeinek daki nola
gintezken atera,
bilduko baginake
zazpiak batera?
 

Haundiak izan arren
euskaldunak neurriz
nekatuak gauzkate
gauza lotsagarriz.
Munduan garbienak
gu gera jatorriz
anaiak, poz gaitezen
sortu ginan herriz,
agurtutzen zaituztet
denak Urteberriz.


Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra