2016ari begirada bat 2016-12-29

Urtea hamabi bertsoalditan

Urtea hamabi bertsoalditan
Bertso Eguna; Nafarroako Bardoak; Arabako Bertso-Kuadrilla Artekoa; Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketa; Bizkaiko Bertsolari Txapelketa; Europa Bat-Batean; Xabier Amurizaren agurra... Aberatsa izan da 2016a.
 Urte oparoa izan da 2016a bertsogintzari dagokionez. Urtero bezala, plazaz plaza ibili dira bertsolariak, baina izan dira ekitaldi bereziak ere.

 Lau txapelketa

 2016an lau txapelketa izan dira: taldekakoak egin dira Araban eta Nafarroan, eta bakarkako txapelketak Bizkaian eta Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarren. Nafarroako Bardoetan Leitzako "Atekaberts" taldea nagusitu zen Etxarri-Aranatzen egindako bukaerako festan, martxoan. Martxoan egin zen Arabako Bertso-Kuadrilla Artekoaren azkeneko saioa ere, Argantzunen. Ekimenean parte hartutako 14 taldeetako bertsolariek kantatu zuten azkeneko saioan.

 Udaberrian hasi zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ere, eta udako atsedenaren ondoren, udazkenean itzuli zen. Abenduan jokatu zen finala, eta Etxahun Lekueren buruan jarri zuen txapela Xabier Amurizak. Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketa, berriz, udazkenean jokatu zen, eta Sustrai Colinak jantzi zuen txapela bigarrenez.

 Xabier Amurizaren agurra

 Bertsogintza modernoa ulertzeko ezinbesteko bertsolari batek plazak agurtu zituen udaberrian: Xabier Amurizak esana zuen 75 urte betetakoan erretiratuko zela bertso-plazetatik, eta Altzon bete zuen hitza. Miren Amurizarekin bertso-afari ederra egin ondoren, "Lurra" abestia kantatuz eta entzuleen txalo artean eman zuen bere bertso-ibilbidea bukatutzat.

 Eskolartekoak

 Ohi bezala, aurten ere Eskolarteko Txapelketak izan dira herrialde guztietan. Herrialdeetatik sailkatutako bertsolari gazteek ekainean jokatu zuten finala Ereñotzun, Txirritaren heriotzaren 80. urteurrena gogoan. Txaber Altubek jantzi zuen txapela azkenean.

 Europa Bat-Batean

 Beste doinu, hizkuntza eta modu batzuetan ari diren bertsolariak ezagutzeko aukera ere izan da aurten, "Europa Bat-Batean" ekimenari esker. Udaberrian Girotze Saioak egin ziren Bilbon, Hernanin, Donostian, Iruñean, Uztaritzen, Markina-Xemeinen eta Aramaion, Kurdistan, Sardinia eta Herrialde Katalanetatik etorritako ordezkariekin eta Euskal Herriko bertsolariekin.

 Uztailean, berriz, Donostian izan ziren Topaketetara Mexiko, Kuba, Gales, Austria, Zipre eta Menorkako ordezkariak etorri ziren kantura, Portuan, Tabakaleran, Donostia 2016ren egoitzan, Alde Zaharrean eta Kursaalean egin ziren saioetara. Eta, tartean, Oñatin ere saioa eskaini zuten. Gainera, kantu inprobisatuaren inguruan lanean ari diren mundu osoko adituekin saio akademikoak izan ziren Miramar Jauregian.

 Plazaz plazako jarduna

 Gainera, urtea joan eta urtea etorri antolatzen diren ekimenak ere izan dira aurten: Bertso Eguna Donostian, Bertsoaroa Iruñean, Lizardi Saria Zarautzen, Osinalde Saria Gabirian, Xenpelar Saria Errenterian... Emanaldi berezi batek ere hasi du bidea: "Testurak". Eta, horrez gain, plazaz plazako ohiko jardunean aritu dira bertsolariak.

 Urteari hamabi bertsoalditan eman diogu errepasoa.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra