Arabako Bertsolari Txapelketa 2017-01-21

Oinarriari begira antolatutako txapelketa

Oinarriari begira antolatutako txapelketa
18 bertsolarik parte hartuko dute 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketan. Otsailaren 5ean Langraizen abiatuko da txapelketa eta apirilaren 1ean jokatuko da finala, Gasteizko Printzipal antzokian.
 Oinarriari begira aurkeztu dute gaur Arabako Bertsolari Txapelketa. 2016an 35 urte bete ziren Arabako lehenengo bertso-eskola sortu zenetik. Aiaraldeko Bertso-Eskolak eman zituen lehenengo urratsak Laudioko Tunel tabernan. Urtebete beranduago sortu zen bigarren bertso-eskola, Gasteizen.

 Laudioko Tunel tabernan aurkeztu dute gaur 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketa.

 Sarea jostera


 Gaurko prentsaurrekoan Oier Suarezek azaldu ditu txapelketaren nondik norakoak. Azaldu duenez, Arabako bertso-eskolen arteko sarea josi nahi dute aurtengo txapelketaren bidez: "zer dira, adibidez, Arabako bertso-eskolak, kantuan dibertitu nahi duten horien sare eder bat baino?".

 18 bertsolari

 18 bertsolari ariko dira aurtengo txapelketan: 2015ean finalista izan eta izena eman duten 5 bertsolari eta aurrekanporaketatik sailkatutako beste 13k. Peru Abarrategi izango da partehartzaile gazteena 20 urterekin eta Rikardo Gonzalez de Durana, berriz, zaharrena, 58rekin. Rikardo Gonzalez de Durana Gasteizko bertso-eskolako sortzaileetako bat izan zen 1982an. Serapio Lopezek ere parte hartuko du. Arabako lehenengo bertso-eskolako sortzaileetako bat izan zen 1981ean Aiaraldean.

 Aurtengoan 2015ean parte hartu ez zuten 5 bertsolarik eman dute izena: Andere Arriolabengoak, Asier Otamendik, Izar Mendigurenek, Rikardo Gonzalez de Duranak eta Serapio Lopezek. Eta orain dela bi urte buruz burukoan aritu ziren Manex Agirrek eta Iñaki Viñasprek ere eman dute izena.

 Bertsolari bakoitzak bi saio


 Aurtengoan bertsolari bakoitzak bi saiotan kantatzeko aukera izango du, bi itzulitara egingo baitira finalaurrekoak. Lehenengo itzulian Langraizen, Dulantzin eta Zigoitian jokatuko dira saioak otsailaren 5ean, 12an eta 19an hurrenez hurren. Bigarren itzuliko saioak Legution, Laudion eta Aramaion jokatuko dira martxoaren 4an, 11n eta 18an. Finala apirilaren 1ean izango da Gasteizko Printzipal Antzokian.

 Aurkezle lanetan 6 lagun jardungo dira, eta 7 gai-jartzailez osatutako talde bat ariko da gaiak prestatzen. Epaile taldea, berriz, 7 lagunek osatu dute.

 Sarrerak eskuragarri

 Finalaurrekoetarako sarrerak leihatiletan eskuratu ahal izango dira. Lehenengo itzulian sarrera arrunta 6 eurotan salduko da eta 4 eurotan Bertsozale Elkarteko Bazkideentzat. 16 urtetik beherakoek dohainik eskuratu ahal izango dituzte sarrerak. Finalaurrekoetako bigarren itzulian, berriz, 8 eurotan salduko dira sarrera arruntak, 6 eurotan bazkideen sarrerak eta dohakoak izango dira 16 urtetik beherakoenak.

 Finaleko sarrerak numeratuak izango dira eta Printzipal Antzokiak emandako bideetatik soilik erosi ahal izango dira: Aretoko leihatiletan, Printzipal Antzokira telefonoz deituta (945 161 045) edo internetez.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra