Zutabea 2023-06-12

"Bertsolaritzak bertsolaritzak ditu, eta gurea pluralgile horren beste txatal bat baino ez da"

"Bertsolaritzak bertsolaritzak ditu, eta gurea pluralgile horren beste txatal bat baino ez da"

Ibon Iza

Ur jostaria da bertsoa. Nahinon, gutxien espero dugun unean, gunean, ez dakit zein zirrikitutik baina, busti gaitzaketen tanta iragarrezinak dakarzkigu, batzuetan zirikatzaileak, besteetan kitzikariak, bihurriak, beti olgatzeko prest. Hutsuneak betetzeko gaitasun itzela dauka bertsogintzak: hitzez hitz, berbaz berba, esaldiz esaldi, barne eraikuntza amaigabeak eraikitzen dizkigu, gutu egiten gaitu, saretu, kohesionatu, indartu, trinkotu... Ni neu naizen hau ere bertsolaritzak eraiki du.

Todor maitea, gure “oholtza birtualak” asko eman dit, asko. Txiolandian, Dylan Inglisen txio bati erantzunez, zuen talde interemozionalean sartu nintzen. Gerora, zuek ezagutzeko eta maitatzeko aukera izan dut. Eta, zinez diotsut, batere zalantza izpirik gabe, urte honetan elkarrekin egin dugun ibilbidea oparoa bezain emankorra izan da.

Bat-batean, aspaldiko partez, bertsotan aritzeko abagunea izan dut. Hori gutxi balitz, laguntza eta konplizitate estua aurkitu dut zuen/gure txoko eder horretan, ordenagailuko leiho horretatik argi printza berriak sartu zaizkigu gurean. Zer gehiago eska diezaieket teknologia berriei? Zer gehiago eska diezaioket bizitzako esperientzia berri honi?

Sekula ere ez nuen pentsatuko, ezta hurrik eman ere, uhin errimatzaileek astero-astero gure etxetik Atlantikoa zeharkatuko zutenik. Hori magikoa da, liluragarria.

Bertsolaritzak bertsolaritzak ditu, eta gurea pluralgile horren beste txatal bat baino ez da, “Todorgintza” deitzen diogun adabaki koloretsua, bertsolaritzaren beste zatitxo zoragarri bat.

Urruti bezain gertu sentitzen ditut nire kantukideak, milaka kilometrora dauzkadan arren etxeko ditut, lagunak, lagun minak, haiekin partekatzen baititut ardurak eta baita minak ere.

Sare ederra sortu dugu. Ingelesez “to share”partekatzea da, eman eta hartu. Hartu eta emanda, “Todorgintza” elikatzen, sendotzen, sharetzen jarraituko dugu. Dylan, egunen batean sarean ez den non edo non bertsotan elkartuko gara? Non eta nolako saioa proposatzen diguzu?

 

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra